Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Naiz.eus-etik ekarritako albistea:
Bioespeleologoak haitzuloetako fauna ikertzen duten zientzialariak dira. Kopetako argiarekin kobazulo bateko detaileei begira irudikatu behar ditugu, harri azpiak eta bestelako bazterrak miatzen, bertan bizi diren izaki bizidunak deskubritu nahian. Haitzuloaren handitasunean, lau hanketan txokoak miatzen dituztenak dira.
«Agian espeleologoentzat kilometrotako kobazulo bat altxor bat da eta guretzat, lagintzeko oso nekeza den eremua. Detaile askorekin begiratzen aritzen gara eta eremu handiak lagintzeko lan handia egin behar dugu», azaldu du Jon Fernandez Perez bioespeleologoak. Carlos Prieto du bidaide. Biak ari dira Euskal Herriko haitzuloak miatzen eta ikertzen. «Oinarrizko ikerketa maila egiten ari gara. Euskal Herri mailan kobazulo mordoa dago eta oraindik ez dakigu haitzuloetan zein espezie dauden. Horregatik, oraindik erraza da espezie berriak aurkitzea».
Detaileetan, materia organikoa dagoen tokietan, jartzen dute arreta. «Zenbat eta barrurago -baldin eta ez badago errekaren bat edo ur korronteren bat-, orduan eta zailagoa izaten da animaliak aurkitzea. Animalia bereziagoez ari naiz, baldintza berezietara moldatu direnez. Izan ere, kobazuloetako sarreran izan daitezke animaliak, freskatzera edota babestera sartu direnak. Barrurago dauden zatietan topa daitezke benetan kobazuloetara moldatutako animaliak. Bereziki horiek aurkitu nahian ibiltzen dira bioespeleologoak, sarreratik 30 metro barrura».