Sañu Bizirik! taldeak kontzentrazioa deitu du, abuztuaren 1ean 10:30ean Azpeitiko basilika aurrean

MENDIETAN ZENTRAL EOLIKORIK EZ!!

Aurten ere San Inazio festekin batera lehendakariaren bisita izango dugu, Azpeitiko udalaren harrerarekin. Herriaren ordezkariak omen diren horiek gure mendiak eta haizea bera ere enpresen esku utzi nahi dituzte, “guztiontzat” izango den energia sortzeko, kapitalismo berdearen eta trantsizio ekologikoaren izenean.

Azken aldian azaleratzen ari diren makroproiektu guzti horiekin argi utzi dute noren interesak defendatzen dituzten, eta zeinen aurka egiten duten. Enpresari eta politikoen aliantzak kapitalismoak aurrera jarraitu ahal izateko beharrezkoak dira; horrela, gutxi batzuen diru gosea asetzeko, gure inguru naturala suntsituz.

Udalari eskatzen diogu ez dezala beste alde batera begiratu eta adierazi dezala publikoki Arauntza-Sañu-Etumetako proiektua onartezina dela eragingo dituen kalte larriengatik, hala erakusten baitute egindako eta udalaren esku dauden azterketek. Eta, beraz, erabil ditzala proiektuaren aurka egiteko dituen tresna eta baliabide guztiak.

Azpeitiko Sañu mendian eta Euskal Herriko edozein txokotan egin nahi dituzten makroproiektu suntsitzaileen arduradun nagusiak izango ditugu Azpeitian. Horregatik, horien aurka antolatzera eta Abuztuaren 1ean 10:30tan basilika aurrean mobilizatzera dei egiten diegu herritarrei.

MENDIETAN ZENTRAL EOLIKORIK EZ!!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide