Paperekoa

[ZUTABEA] Zorionak eta eskerrik asko

Badira ia 15 urte gaztetxera joaten hasi eta Gazte Asanbladan sartu nintzela. Urte hauetan jende ezberdin askorekin konpartitu dut denbora eta lana, momentu onak eta estresa. Gaztetxeko kontzertuek elikatu zuten nire musikarekiko zaletasuna, Asanbladari esker garatu nuen nire ezinegon politikoa eta hauei esker ikasi nuen antolakuntzaren garrantziaz. Finean, gaur egun ez nintzateke naizen pertsona izango Asanbladagatik izan ez balitz. Guztiarekin, orain dela hamar urte ez zitzaidakeen burutik pasa ere egingo azken bi urteetan Gazte Asanbladak egin duen borroka egiteko gai izango ginenik herri honetan.

Badira urte batzuk, hainbat espaziotan elkartasuna antolatzearen beharraz hausnartzen hasi ginela. Maravillasen resakaren garaian arazo bat mahaigaineratu zen. Oihartzun mediatikoa hartzen zuten borroketan, askotan probintzia hiriburuetan soilik gertatzen zirenetan, gai ginen Euskal Herri osoko indarrak espontaneoki batu eta gaztetxeen defentsan borroka duinak egiteko. Dena den, foku mediatikotik at geratzen ziren herri txikietako gaztetxe xumeagoak bakarrik zeuden. Batasuna antolatu beharra zegoen, elkarrekiko konpromisoak hartu eta elkartasun espontaneotik antolatura jauzia eman. Eztabaida haietatik dator gaur egungo defentsa komunitatea. Garai hartan, hiriburu eta gaztetxe famatuetan soilik ikus zitezkeen lehen desalojo egunean Zestoan ikusi genituen irudiak nahiz prozesu guztian zehar bizi izan duguna. Inolaz ere ez Zestoa bezalako herri batean. Finean, Zestoako borroka prozesuak arrazoia eman dio gure garai hartako intuizioei. Eskerrik asko hainbat txokotatik Zestoako borroka posible egin duzuen guztiei, behar denean alboan izango gaituzue.

Besterik gabe, Asanbladako nire ibilbidearen azkenetan nagoen honetan, ezin zorionak eta eskerrak eman gabe utzi gaur egungo Asanblada osatzen duten gazteei; plazer bat izan da zuekin denbora, lana eta borroka konpartitzea. Segi gazteak mugiarazten eta herria astintzen, eta gogoratu frogatu duzuela: borrokak merezi du!

Ortzi Alberdi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide