Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Ekainaren 24tik 28ra bitartean izango da aurten Zestoako Antzerki Astea. Urteroko legez, sarrerak zistu bizian saldu dira eta lehen hiru egunetako antzezlanetarako sarrerak agortu dira dagoeneko. Hiru atzezlanak etxeko taldearenak dira, Eromen Produkzioakeko kideenak.
Oraindik bada aukera azken bi antzezlanetarako sarrerak erosteko. Horretarako bi bide daude, batetik, Entradium.com webgunearen bidez online erosi daitezke, bestetik, Zestoako turismo bulegoan. Kasu honetan, ordainketa eskudirutan egin beharko da.
Aurtengo egitarauak adin, poltsiko eta gustu guztientzako ikuskizunak dakartzala eta, beraz, antzerkiaz gozatzeko aitzakiarik ez dagoela azpimarratu dute antzerki taldeko kideek.
Hona hemen egitaraua:
Ekainak 24, asteartea
20:30ean Caravan Park-en
HIGHLANDERRA (Eromen produkzioak). Baso baten erdian txabola galdu bat. Sei emakume daude bertan afaltzeko prest. Maitasun erromantikoaren inguruko komedia eroa. Sarrera 8 euro.
Ekainak 25, asteazkena
20:30ean Caravan Park-en
SENZA UN PERCHÉ (Eromen produkzioak). Luxuzko bidai batek bildu ditu turista aberats hauek. Ez zaie ezer falta, eta, hala ere, hutsik dauden pertsonak baino ez dira. Amaiera gertu dagoenean bilatzen ote diogu zentzua bizitzari? Sarrera 8 euro.
Ekainak 26, osteguna
20:30ean Caravan Park-en
BURUGABEAK (Eromen produkzioak). Ikusle bat iraindua izan da. Inguruko pertsonaia guztiak epaiketa absurdo baten partaide bihurtuko dira. Topatuko ote dute erruduna? Sarrera 8 euro.
Ekainak 27, ostirala
20:30ean Caravan Park-en
RENATA (KAMIKAZ KOLEKTIBOA). Renata etengabe hil eta pizten da. Esku artean hil ala biziko misio bat daukalako. Pantailen artean desitxuratzen ari den sistema aldrebes baten erdian. Lortuko ote du nola bizi ahaztu duen jendartea esnatzea? Sarrera 8 euro.
Ekainak 28, larunbata
17:30ean Caravan Park-en. Sarrera 5 euro.
HIRU ISTORIO ETA MAKINA BAT (Eromen gazte taldea). Vending makina arrunt batek hiru istorio bitxi eta harrigarri pizten ditu: matxinada bat, mezu misteriotsuak eta ahots tentagarriak. Eta zuk, zer egingo zenuke?
ATEAREN BESTE ALDEAN (HIKA Teatroa). Neskak, mendiak eta hiriak ibiltzen ditu bere atearekin. Ibaiak eta basamortuak zeharkatu, eta itsasoaren hondoan galdu. Bat-batean, ordea, atea gurutzatzean, bilatu nahi zituen pertsonak aurkitzeko gai da, eta horrela, bere urtebetetzea ospatzeko moduan sentitzen da, berriz ere zoriontsu.