Paperekoa
SORGIN-EHIZA – Fernando Arzallus Iturri
— 2015-11-01Pena ematen dit Josetxorekin gertatzen ari denak. Gerran milaka gorpu, zauritu, sufrimendu, pilatzen den bezala, bataila mediatiko honetan ere, zauriak eta sufrimendua ez dira falta.
Ezer baino lehen: kritika beti da zilegi eta beharrezkoa. Ogasunarekin, Gizarte Segurantzarekin eta horrelakoekin, berriz, egunean egon behar da. Kargu publikodunen jokaera “eredugarria izan behar du jarduera pertsonaletan, eta inguru etikoa sustatu behar dute dagozkien erakundeetan”. Ados.
Zalantza dut, ordea, ez ote garen ari eskubide eta jokabide garrantzitsu horiek defendatzeko (eredugarritasuna), beste batzuk pixka bat baztertzen. Pertsonaren duintasunari dagozkion eskubideez ari naiz: bere datu pertsonalak edozein moduz ez erabiltzea; errespetuz tratatua izatea; berari edo familiari gehiegizko ondorioak, kalteak edo sufrimendua saihestea eta abar.
Uste dut, jokaera bat salatzeko garaian, emaitza onena eta kalte gutxiena eragingo duen bidea aukeratu behar dela. Komunikabide batzuetan ateratakoa irakurrita, ordea, eman behar kazetaria diana bati tiroka ari dela. Ematen du, berarentzat, atzean ez dagoela pertsonarik. Guretzat, ordea, atzean pertsona bat dago, lankide bat; eta haren familia… Eta esan nahi dut dianara tiro egin aurretik, ondo neurtu behar dela zer lege-hauste egin dituen (lege hausterik egin badu), etikoki zer kalte egin duen… Eta kritika edota salaketa egiterakoan, ondorioak neurtu egin behar direla ondo. Ematen du, hemen, ahalik eta min handiena egiteko (edo pertsona moralki eraisteko) materiala erabili dela: hitz oso gogorrak; batak bestearekin akaso zer ikusirik ez daukaten gauzak –ogasunarekin zorra, soldata igotzea…– elkarrekin lotuak, jendeari mezu “sinesgarriagoa” helarazteko…
Beldurra ematen du ikusteak herriko jendea, jakinda Ogasuneko txosten horrek duen indar mediatikoa eta Josetxori kalte handia egin diezaiokeela, nola ausartu diren arma guztiak (dimisioa tarteko) mahai gainean jartzera, eta komunikabideen besoetan erortzera. Oso enpatia gutxirekin gainera.
Lehergai ikaragarri ikusten dut, artilleria gehiegi hain “kontrario” xumea garaitzeko; sorgin-ehizaren itxura hartzen diot. Uste dut gauza horiek beste era batean, barne mailan, aurrez aurre esanda, gizalegez, eta “vox populi” egin gabe esan/salatu zitezkeela eta eragin berdina izango zuketela. Baina bistakoa da “efektu mediatiko bat” bilatzen dela: Josetxo kinka larrian jartzea eta, berriro diot, sorgin-ehiza egitea.
Ez nuke nahi “gerra” honetan Joseph Roth idazleari arrazoia eman behar izatea: “Oraindik ez al duzu ikusten? Hitza hil egin da; gizakiek zakurrek bezala zaunka egiten dute”.
Egin zaitez bazkide