Albisteak

[ELKARRIZKETA] Alaitz Egaña: “Eskola Kirolaren bidez, haurrak erdigunean jartzen dira, eta beren interes eta gozamena lehenesten dira”

Ikasturte berriarekin batera, Eskola Kirolari ere eman zaio hasiera Zestoan. Urte osoko egutegia eta jarduerak prest daude jada, eta haurrek urriko lehen asteetan izan dute lehen ekintzak bizitzeko aukera. Parte-hartzearen garrantziaz, haurrei ekartzen dizkien onurez eta Zestoako programaren xehetasunez aritu gara Alaitz Egaña Zestoako Jarduera Fisiko eta Kirol teknikariarekin.

 

Nola defini daiteke Eskola Kirola?

Haurrek 6-12 urte bitartean (eskola-aldian) eskola-orduetatik kanpo egiten dituzten jarduera fisiko eta kirol jarduerak dira. Haur bakoitzaren garapen integralerako, oso garrantzitsua da adin horietan jarduera fisiko eta kirola egitea; izan ere, gaztetxoen heziketa fisiko, emozional eta sozialean izugarrizko eragina du. Hain zuzen ere, eskolaren ekosistemaren barruan bat egiten du heziketa-sistemarekin eta dagokien etapen helburuekin.

 

Zergatik da garrantzitsua Eskola Kirolean parte hartzea?

Eskola Kirolean askotariko joko, jolas eta kirolak egiten dituzte, eta haurrek jarduera horietako bakoitza probatzeko aukera dute. Finean, helburua hori da: haurrek, nagusi diren futbola, saskibaloia eta eskubaloiaz gain, jarduera fisiko eta kirol ezberdinak probatzea eta, balioetan heziz, horietan gozatzea. Izan ere, hasierako adinetan egiten den kirolaren bidez, haurrek jarduera fisiko eta kirolaren oinarrizko elementuak ezagutu, esperimentatu eta barneratzen dituzte, eta ondorioz, jarduerarekiko zaletasuna piztu eta bizitza aktiboago bati bide ematen diote. Hasierako adinetan, askotariko kirolak egiteari esker, gaitasun eta bere buruarekiko konfiantza gehiago edukitzen dute, eta haurrak erdigunean jarriz, haurraren interes eta gozamena lehenesten dira.

 

Zein balio eta helburu sustatu nahi dira honen bidez?

“Multikirola” programaren jomuga da haur bakoitzaren garapen integrala, inklusioa, ekitatea, aukera berdintasuna eta eskubideak babestea. Eskola Kirolak, lehiakortasunaren aurretik, dibertsioa eta balioak ditu ardatz. Hala, guztion artean egin behar dugu jarduera fisikoa eta kirola hezigarri eta bizi ohituren sustatzaile. Izan ere, jarduera bera da haurrei egokituko zaiena; inoiz ez, alderantziz.

Bestalde, parte-hartze inklusiboa lehenesten da, pertsona ororen eskubidea baita “Multikirola” programan parte-hartzea. Jolasa, mugimendua eta ongizatea guztiontzat dira, eta horietan aritzeko aukera izan behar du haur orok. Zestoako Eskola Kirolaren kasuan, Zumaia, Itziar, Aizarnazabal eta Deba udalerriekin batera, urritik aurrera, abian izango da Eskola Kirol Egokituaren programa. Horren helburua behar desberdinak dituzten pertsonek Eskola Kirolean parte hartzea da.

Areago, herrian integratzea eta balioetan heziz jolastea xede izanik, euskaraz sozializatzeko eta herriratzeko aukera izaten dute haurrek. Kirolean, haurrak euskaraz erlazionatzea eta euskaraz dibertitzea lortu nahi da.

 

Zer eskaintza dute haurrek Zestoan Eskola Kirolaren barruan?

Eskaintza zabala dugu herrian, eta dagoeneko hasi da aurtengo ikasturteko Eskola Kirola. Hala ere, oraindik, haur orok du programan izena emateko aukera. Zestoan bi eskaintza daude 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta: Kirolaz Josta, Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleei egokitua; eta Eskola Kirola, 3. eta 6. mailako ikasleei zuzendua.

Bi programa horiek urritik ekainera bitarte garatuko dira; joko, jolas eta kirol ezberdinak egingo dira, eta talde bakoitzak astean saio bat izango du. Asteburuetan, topaketak egingo dira. Lehenengo hilabeteetan, Zestoako Eskola Kiroleko partaideek beraien artean egiten dituzte topaketak: mendizaletasuna, piragua irteera, kapoeira, eta abar. Herriko errealitatea hartzen da aintzat, eta herrian zein inguruan egin daitezkeen jarduera fisiko eta kirolak egitea lehenesten da: zenbait jarduera inguruko eremu naturaletan egiten dira, horrek bertako mendiak ezagutzea ahalbidetzen du; beste zenbait, aldiz, tokiko eragileekin lankidetzan egiten dira. Azken horrek, aukera ematen du Zestoan eskaintzen diren kirol praktikak probatu eta etorkizuneko kirolak aukeratzeko. Azken hilabeteetan, aldiz, Zumaiakoekin batera egiten dira topaketak; horiek talde kiroletan oinarritzen dira, gehienbat: eskubaloia, futbola, eta abar.

 

Kuotak ordaintzeko dirulaguntzarik edo laguntzarik eskaintzen al da?

Bai. Zestoako Udalak dirulaguntzak ematen ditu haur eta nerabeen aisialdirako eskubidea bermatzeko. Horren bidez, haur orok Eskola Kirolean parte hartzeko aukera bermatu nahi da, gaitasun ekonomikoa ez dadin eragozpena izan. Dirulaguntzen inguruko informazio gehiago jaso nahi duenak Zestoako Udaleko Jarduera Fisiko eta Kirol Sailean galdetu dezake zuzenean

 

Zertarako sortu da Eskola Kirol Kontseilua Zestoan?

Eskola Kirola babestu eta indartzeko helburuarekin sortu da Eskola Kirol Kontseilua Zestoan. Kontseiluan hainbat eragilek osatzen dute: Zestoako Herri Ikastetxeak, Aizarnako Herri Eskolak, Arroako Herri Eskolak, Ekain, Ahurra eta Sakulupe Guraso Elkarteek, Zestoako Udalak, herriko kirol klubek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Kontseiluaren helburua da Zestoako Eskola Kirolari herri mailako babes eta atxikimendu bateratua ematea; beraz, herriko hainbat eragileren arteko lankidetzari esker bermatzen da Eskola Kirola programarekiko babesa: eskola kirola indartu, babestu eta egungo errealitatearen hausnarketa prozesua martxan jartzeko.

Beraz, herritar guztiak animatu nahi ditugu Zestoako Eskola Kirola programan parte hartu, gozatu eta haurrei bizipen aberatsak izatera bultzatzera.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide