Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

1985eko azaroaren amaieran, Mikel Zabalza nafarra atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta haren desagerpenak Euskal Herria kezka eta protestaz bete zuen. Haren gorpua hogei egunera agertu zen Bidasoa ibaian, eta ordutik lau hamarkada igaro diren arren, gertatutakoaren inguruko egia osoa eta erantzukizunak argitzea oraindik bete gabeko zor dira.
Urteurrenaren testuinguruan, Zabalza auziaren inguruko memoria eta borroka soziala berreskuratzeko autobus ibiltari baten bidezko erakusketa antolatu dute. Azaroaren 26tik abenduaren 14ra bitartean, Zabalza desagertu zenetik haren gorpua agertu zen arteko data berbera eginez, autobusak hainbat herri zeharkatuko ditu, Orbaizetik hasi eta eta Donostiaraino.
Ibilbide horren barruan, autobusa Zestoan izango da abenduaren 12an, Plaza Nagusian, eta 12:00etatik 20:00etara egongo da zabalik herritar ororentzat. Barruan, Zabalzaren atxiloketaren, desagerpenaren eta heriotzaren inguruko testigantzak, irudiak eta azalpenak bildu dituzte, baita ondorengo mobilizazio sozial erraldoien memoria ere: manifestazio jendetsuak, greba orokorra eta haren lankideek egindako protesta ikonikoa, “Hemen ez dago gidaria, non dago?” dioen pankarta autobus batetik zintzilik jarrita.
Antolatzaileen hitzetan, egitasmoaren helburua ez da soilik iragana gogoratzea, baizik eta herri memoriaren bidez egia, aitortza eta berriz ez errepikatzeko bermeen aldeko lanketa egitea. Senideek, herritarrek, abokatuek eta askotariko eragile sozialek lau hamarkadatan egindako bidea balioan jarri nahi dute, torturaren eta inpunitatearen aurkako borroka kolektibo gisa. Egitasmoari amaiera abenduaren 14an emango zaio, Donostian egingo den ekitaldi nagusian.
ARGAZKIA: Mikel Zabalza Gogoan