Albisteak

Gasteizen izandako hilketa sexista salatzeko elkarretaratzea izango da

Astelehenean Gasteizen 17 hilabeteko haur bat hil eta ondoren haurraren amari kristal zati bat lepoan sartu zion gizonezko batek. Gizonezkoa 17 hilabeteko haurrari sexu abusuak egiten ari zen, eta haurraren amak hori ikustean gizonezkoak haurra lehiotik jaurti zuen. Hori salatzeko, gaur arratsaldeko 19:30ean elkarretaratzea izango da Zestoako Plazan, Zestoako Txoko Feministak deituta.

Zestoako Txoko Feministak, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak ateratako oharrarekin bat egiten du. Bertan honako hiru puntu hauek nabarmentzen dituzte:

  • “NAZKATUTA gaude. Haserre ez, oso haserre. Beste behin ere, emakumeon aurkako indarkeria kasu baten aurrean gaude,gure gaitzespen osoa eta salaketa irmoa egin nahi dugu ezer baino lehen.”
  • “Kontziente gara, emakumeon aurkako indarkeriak ez duela etenik, eta honen aurrean ezin dugu gure amorrua, nekea eta haserrea besterik adierazi.”
  • “2015a gogorra joan da eta 2016a ere gogor hasi dugu, emakumeon aurkako erasoek ez baitute etenik izan, eta ezin ditugu ahaztu Euskal Herrian jada indarkeria matxistak hil dituen emakumeak. Gogoan zaituztegu!”



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide