Albisteak

Jose Antonio Lasheras: Zestoako Udalaren lagun fina

Ostiral arratsaldean hil zen, kotxe istripuz, Burgos aldean, Jose Antonio Lasheras, Altamirako Museoko zuzendaria. Hori dela-eta, Zestoako Udalak honako oharra kaleratu du:

Pasa den ostiral arratsaldean hil zen, kotxe istripuz, Burgos aldean, Jose Antonio Lasheras, Altamirako Museoko zuzendaria. Zestoako Udaleko alkateak, Udalbatza osoaren izenean, samina eta doluminak adierazi nahi dizkie bere familiari eta berarekin harremana izan duten guztiei.

Lasheras jaunak, Altamira Museoko zuzendaria eta labar artearen zabalkundean aditua izaki, lotura eta harreman handia eta zuzena izan zuen urte askotan Zestoako Udalarekin, Ekaingo erreplika egiteko proiektua zela-eta. Lasheras, hasiera-hasieratik murgildu zen proiektuan, eta 1997an Jesus Altuna jaunaren gidaritzapean Zestoako Udalak sortu zuen Europako Arte Paleolitikoa zaindu eta balioan jartzeko Europako Foroan etengabeko lana egin zuen, mundu mailako beste aditu ugarirekin batera. Foro horrek 1997ko maiatzaren 29an egin zuen lehenengo bilera eta 1998ko azaroaren 11n eta 12an bigarrena. Lasheras eta gainerakoen lana, jakinduria, esperientzia… ezinbestekoak izan ziren Ekaingo proiektua ondo hausnartzeko, garatzeko eta, jakina, gaur Ekainberri izenarekin ezagutzen dugun erreplika, ondarearen zaintzan, hain berritzailea izateko eta munduko haitzuloen errepliken mapan kokatzeko.

Garai zail haietan, bailara artean eta erakundeen artean ikuspegi kontrajarriak nagusitu ziren garai haietan, jarrera eraikitzaileari eman zitzaion lehentasuna Foroko lansaioetan. Une haiek bizi izan zituztenen esanetan, jakinduriaz gain, sormen handiko uneak izan ziren eta, noski, hango partaideen alderdi pertsonalagoak ere azaleratu ziren. Garai haietan Lasherasekin, buruz buru, lanean jardun zutenek bere umiltasuna, baldintza zailetan eta baliabide gutxirekin lanean ari zen talde batekiko elkartasuna, harremanetan goxotasuna… azpimarratzen dituzte.

Ekainberri inauguratzerakoan ere, hemen izan genuen Lasheras eta, harrezkero, Altamira aldera hurbildu izan garenean eta bisita egin diogunean, interes berezia eta maitasun berezia agertu izan du Ekainberrirekiko eta bere bilakaerari buruz.

59 urterekin hil da Lasheras. Inork ez luke hil behar adin horretan. Hemendik aurrera, oroimena dugu, makulu eta atsedenleku, gure lagun finarekin solasaldi batzuk partekatzeko. Adiorik, ez Jose Antonio!

Zestoa, 2016ko otsailak 29

Jose Frantzisko Mendizabal, alkatea




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide