Albisteak
Herritarren parte-hartzearen bitartez Kultur Etxearen azterketa egiteko bigarren bilera deitu du Udalak hilaren 27rako
— 2018-11-16Herritarren parte-hartzearen bidez Kultur Etxearen azterketa egiteko bilera deitu du Udalak. Azaroaren 27an izango da, asteartea, arratsaldeko 19:30ean, Kultur Etxean. Joan den irailaren 18an egin zen lehenengo bilera eta han, kultur etxeari buruz eta beste zenbait azpiegiturei buruz eztabaidatu zen. “Bilera hauen helburua, Kultur Etxearen inguruko diagnostikoa egitea eta aurrera begira egin beharreko hobekuntzen proiektu teknikoa edukitzea da” azaldu du Josetxo Mendizabal alkateak. Kultur Etxeari eta buruz egiten diren gogoetek behar berriak identifikatzeko ere balioko dutela nabarmendu du, baita Kultur Etxetik kanpo ere.
Hilaren 27ko bileran, herriko kultur eragile bakoitzak dituen azpiegitura beharrak identifikatuko dira (zer nolako lokalak behar diren, ezaugarriak, neurriak…) eta hiru taldetan banatuko dira. Alde batetik, gaur egun derrigorrez behar diren aldaketak, bestetik, epe ertainean lortu beharrekoak, eta azkenik, luzera begira lantzekoak. Alkateak azaldu du azpiegituren beharrak talde edo pertsona bakoitzak bere aldetik ekar ditzakeela edota, nahiago bada, Kultur Mahaiaren bitartez. Bilera, herritarrei, Kultur Etxearen erabiltzaileei, herriko elkarteei… zuzenduta dago.
Egin zaitez bazkide