Albisteak
HORTIK ZIHAR – Olatz Erkizia Maltan
— 2018-11-30Zer dela eta Maltan?
Garbi nuen kanpora irten beharra nuela abentura bila edo bizi modua aldatzera. Beraz, behin herritik irteteko erabakia hartuta, ingelesez hitz egiteko lekuen informazio bila hasi nintzen. Horien artean Malta iruditu zitzaidan aukerarik hoberena, etxetik gertu eta batez ere eguraldi eta giro ezin hobea.
Zein da zure egunerokotasuna?
Nire egunerokotasuna asko aldatu da Maltara etorri nintzenetik. 2016ko martxoan etorri nintzen eta hasieran ingelesa ikasten egon nintzen. Ondoren, Inditex enpresan hasi nintzen lanean, Pull & Bear dendan, esaterako. Saltzaile gisa aritu nintzen eta gaur egun enpresa berean jarraitzen dut. Joan den urteko udatik enpresa osoko operazio taldeko partaide naiz. Batez ere enpresako sistemak eta teknologia berriak ezartzeaz arduratzen naiz. Gaur egun astelehenetik ostiralera egiten dut lan, normalean 09:00etatik arratsaldeko 18:00rak arte, baina ez daukat ordutegi finkorik. Nire denbora librean dantzako klaseetara joaten naiz, “batxata” eta “kizombara”. Horrez gain, Malta parrandako lekurik aproposenetako bat denez, aste bukaeretan parranda pixka bat egiten dut.
Zer topatu duzu han?
Malta oso txikia da, baina mundu osoko jendea aurkitu dezakezu hemen. Batez ere, Italia, Espainia, Kolonbia, Korea, Suedia eta Turkiako jendea. Hori da hasieratik gehien harritu ninduena. Taberna batean hainbeste kulturetako jendearekin zerbait hartzen egotea. Lagun asko egin ditut, bakoitza munduko punta bakoitzekoa, baina hau denboraldi bateko lekua denez, ia gehienak bere etxera itzuli edo beste leku batetara joan dira. Hori da bertako gauzarik txarrena, oso erraza da jendea ezagutzea eta lagun asko egiten dituzu, baina gero agur esan behar.
Maltan jende mugimendu asko handia dago, eta lan bila bazabiltza, leku aproposa da. Hemen ez dago ia langabeziarik, hori bai, orokorrean lan baldintzak ez dira oso onak. Gainera, nire mutil laguna Maltan ezagutu nuen. Esan dudan moduan, mundu osoko jendea dago irlan eta euskaldunak ere bai, bera iruñarra da.
Zer eramango zenuke hemendik horra?
Euskal Herriko mendiak eta janaria botatzen ditut faltan. Italia ondoan egonda pizza eta pasta besterik ez dago. Beraz, etxera joaten naizen bakoitzeko beti ekartzen dut zerbait. Bestetik, familia, eta batez ere nire iloba, izan ere Maltan nengoela jaio zen, eta nahiz eta sarri joaten naizen etxera, momenturik politenak galtzen ari naizela iruditzen zait. Hala ere, gaur egun dauzkagun aurrerakuntzekin egunero bidaltzen dizkidate bere argazki eta bideoak, edo bideozko deien bitartez ere sarri ikusten dut.
Eta zer ekarri handik hona?
Eguraldia. Maltan ia urte osoan eguraldi ona egiten du. Azaroan oraindik jendea txankletekin eta galtza motzekin ikus dezakezu kaletik.
Hara joanez gero, zer da egin gabe utzi ezin dena?
Malta oso irla txikia da, beraz, egun batzuetan, dena ikus dezakezu. Leku berezi bat esatekotan, “Popeye Village” izango litzateke. Bertan Popeye pelikula grabatu zuten eta herria pelikulan bezala dago. Beste toki bat, Comino irla da. Irlak ez dauka ezer, baina uraren kolorea urdin-urdina da, momentu batez Karibeko irla batean zaudela senti dezakezu. Azkenik, parranda gustatuz gero, ‘Paceville’ bisitatu beharra daukazu.
Noiz arte hor?
Ba egia esan ez dakit. Denbora aurrera doa eta konturatzerako 3 urte egingo ditut hemen. Garbi daukat lehenago edo beranduago etxera itzuliko naizela.
– Leku bat: Sliema, gehien gustatzen zaidan lekua da. Han bizi eta lan egiten dut.
– Plan bat: Bero asko egiten duenez itsasontzian Comino irlara joatea. Udan oso tipikoa da itsasontziko festak egitea.
– Janari bat: Maltako janaririk ezagunena untxia da.
Egin zaitez bazkide