Albisteak
Gaur hasiko dira Santio Santa Anak Arroagoian
— 2016-07-23Arratsaldeko 19:00etan Txupinazoarekin hasiko dira Santio Santa Ana jaiak Arroagoian, eta asteartera arte, uztailak 26, luzatuko dira. Urtero bezala, Festa Batzordea arduratu da jaietako egitaraua antolatzeaz. Horren harira, Arroagoiko bizilagun eta Festa Batzordeko kide den Ane Cansecorekin hitz egin dugu.
Azaldu digunez, ekainaren bueltan hasi ziren festak antolatzeko elkartzen. 8-10 pertsona elkartzen dira bileretan, baina “Arroagoiko gazte guztiak egoten gara ardurak hartzeko eta antolakuntzan parte hartzeko prest”.
Festen egutegia moldatzen dute, asteburuan egokitu daitezen, “jende gehiago etor dadin”.
“Egunik esanguratsuena, gazteentzat batik bat, lehendabizikoa izaten da. Gaupasa eguna izaten da, herri afaria… jende gehiena egun horretan elkartzen gara”, dio Cansecok. Nabarmendu digutenez, azken urteetako jende gehiena elkartuko da herri-afarian aurten.
Azpimarratzekoa, baita ere, bigarren urtez jarraian Santio Santa Anetako pilota partidan ariko direla emakumeak, igandeko 12:00etan.
Nahi duen guztiari bertaratzeko gonbidapena luzatu dio Cansecok Festa Batzordearen izenean, “zenbat eta jende gehiago hobe!”
Hemen duzue ikusgai jaietako egitaraua.
Egin zaitez bazkide