Albisteak

Astelehenean hasiko da aurtengo Antzerki Astea

Datorren astelehenean hasiko den Antzerki Astearen aurkezpena egin dute gaur eguerdian Kultur Etxeko areto nagusian. Bertan izan dira antzerki taldeko kideak, Fernando Arzallus kultur teknikaria eta Nerea Odriozola EH Bilduko zinegotzia. Asteari hasiera emateko “gogoz” eta “ilusioz” daudela azaldu dute Eromeneko kideek. Urte guztian zehar prestatzen egondako lanak jendaurrean aurkezteko irrikatan daude.

Haurren antzerkiarekin emango diote hasiera asteari. “Bi ni” obra antzeztuko dute zortzi gaztetxok. Egun berean, Amancay Gaztañaga Eromeneko zuzendariak sortu eta zuzendutako “Florida” kale-antzerkia izango da ikusgai Lili Jauregi inguruan. Ekainaren 24, 25 eta 26an antzeztuko dute obra eta pase bakoitzean 65 ikusle izango dira. Herriko bandako bost musikariren doinuek girotuko du Eomenek egingo duen lehen kale-antzerkia. Mikel Ibarguren Eromen taldeko kideak hiru egunetarako sarrera guztiak agortu direla azaldu du. Ekainaren 28an, berriz “Orlac-en” eskuak lana izango da ikusgai, eta amaitzeko, Ander Lipus antzerkigilearen “Zazpi senideko” antzezlana ikusi ahal izango da larunbatean.

Aldaketak “Orlac-en eskuak” obran

Ekainaren 27 eta 28an Eromen taldeko Ainhoa Odriozolak idatzi eta Amancay Gaztañagak zuzendutako “Orlac-en” eskuak antzeztu behar zuten. Arrazoi pertsonalak direla medio, 27ko pasea, bertan behera gelditu dela eta 28 arratsaldera aldatu behar izan dutela azaldu du Ibargurenek. Obra bi aldiz antzeztuko dute ekainaren 28an. Ostegunerako sarrerak erosita dituztenek, ostiralean ikusi ahal izango dute antzezlana, arratsaldeko 19:30ean hasita, Kultur Etxeko areto nagusian. Ostiralean joan ezin dutenei, sarreraren dirua itzuliko zaiela azaldu du eta horretarako, ikusleek Turismo Bulegora joan beharko dute. Zalantzarik izanez gero, 637 906 737 telefono zenbakira deitzeko esan du.

Aldaketa hau dela eta, 28 arratsalderako aurreikusita zegoen pasea 20:30etatik 21:00etara atzeratuko da.

Mahai-ingurua eta tailerra

Aurtengo Antzerki Asteak bi ekintza berri izango ditu. Batetik, “Herri antzerkia, norentzat eta zertarako? Kultur-mahaiaren garrantzia” mahai-ingurua izango da ekainaren 27an Jubilatuen Elkartean. Zestoako kultur mahaiarekin elkarlanean antolatu dute saioa eta Amancay Gaztañagak gidatuko du. Bertan izango dira Azpeitiko Kulturaz Kooperatibako kideak, Ander Lipus aktorea, Oñatiko antzerki taldeko kideak eta Durangoko Karrika antzerki taldekoak. Kultura munduan jarduten duen edonori zein herritar orori bertaratzeko deia egin diete.

Bestetik, herritarrentzako antzerki ikastaro irekia egingo dute ekainaren 29an. Antzerki talde bateko partaideen egunerokotasuna ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Saio dinamikoa izango dela azaldu dute antzerki taldeko kideek eta bertan, jolas eta ariketa dinamikoak egingo dituztela. Amancay Gaztañagak zuzenduko du saioa eta parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena 636 906 737 telefonoan.

Aretoaren egoera

Antzerki taldeko kideek Kultur Etxeko areto nagusiaren egoera “kaskarra” salatu dute. “Florida” antzezlanean 23 aktorek hartuko dutela azaldu dute parte eta kopuru horrekin aretoan zerbait egitea ezinezkoa dela. Aretoa arrailez beteta dagoela esan dute eta orokorrean egoera oso zaila dela.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide