Albisteak

Nahiko garbia zegoela zirudien arren, bi kamioikada zabor bildu dituzte Sastarrain errekan

Ingurumen batzordearen proposamenaren harira, iazko azaroan egitekoa zen erreka garbiketa atzeratu egin zen eguraldi txarra tarteko eta konfinamendua etorri zen gero. Orain arte ezin izan da egin eta gaurkoan ere ez da posible izan deialdi zabala egitea garaiko neurri eta baldintzek zailtasunak sortzen zituztelako.

Kontuak kontu egin da behintzat eta uste baino zabor gehiago bildu da. Sastarrain errekaz gain Lauiturriko garbitokia eta ingurua ere garbitu da. Baserriko jarduerarekin lotura duen zaborra ere bai, baina, bestelakoa ere ugari bildu dutela jakinarazi dute. Zestoa eta auzoetan 53 erreka daude izendatuta, hauetatik 13 Urola ibaira isurtzen dira zuzenean. Poliki poliki garbitzen joatea da helburua. Uda garaian, bainu fresko bat hartzera erreka eta ibaietara jende asko gerturatzen da. Garbiketan ibili den taldeak mezu bat bidali nahi die herritarrei esanez, batetik, aurrera begira ere izango dela aukera ibai eta erreka garbiketetan parte hartzeko eta bestetik uda garaian bereziki sarriago bisitatzen ditugun bainu gune hauek garbi mantentzeko eta natura errespetatzeko.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide