Albisteak

Bertso Urtie egitasmoa jarri du martxan Erniarraitzek

Erniarraitz Bertsozale Elkarteak  Bertso Urtie izeneko egitasmoa jarri du martxan, bailarako bertso mugimenduari astindu bat emateko asmoz. Osasun krisiak gogor kolpatu ditu bertso plazak eta Bertsozale Elkarteak irailean emandako datuen arabera, gaur egun lehengo plaza kopuruaren %25 soilik egiten da. Egoera ikusita eta bertsolariek bizi duten egoera zaurgarria kontzientzian hartuta, kultura segurua dela aldarrikatu eta bertso saio ezberdinak antolatzea erabaki du elkarteak.

2020-2021 ikasturtean iraungo du Bertso Urtie egitasmoak eta hilean bertso ekitaldi bat antolatuko dute Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan, txandaka. Lehen bi saioak iragarri dituzte: azaroaren 28an eta abenduaren 20an izango da. Lehena Azkoitiko Elkargunean izango da arratsaldeko 18:00etan hasita. Andoni Egaña, Maddalen Arzallus, Nerea Elustondo eta Beñat Lizaso arituko dira bertsotan eta Ane Ezenarrok proposatuko dizkie gaiak. Bigarrena, abenduaren 20an izango da, ordu berean, Azpeitiko Soreasu antzokian. Txapelen omenezko bertso saioa izango da eta Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Jone Uria, Eli Pagola eta  Jokin Uranga igoko dira oholtza gainera. Gai-jartzailea, berriz, Maddi Labaka izango da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide