Aizarnako maisu baten memoriak
— 2020-12-06Aizarnako maisu baten memoriak
Lehen ere baditut idatzi bat edo beste argitaratuak, Placido Navas maisuaren ibilbidea erakutsiaz. Oraingoan berak idatzita utzi zituen oroitzapenak dira laburbilduta azalduko ditudanak. Maisu hau penintsularen barren-barrenetik etorri zen 1935. urtean. Errepublika garaia zen, naiz eta 1936ko altxamenduak bete-betean harrapatu izan Aizarnan.
Ezer baino lehen esan behar, urte garai zailak eta bereziak bizitzea egokitu zitzaiola maisu honi. Hala ere, egoki idatzita utzi zituen bizipen hauek. Aizarnako eskolan ikasi dugunoi oroipen ugari ekarriko dizkigute gogora pasarte hauek, eta berauetaz jabetzea merezi duelakoan nago.
Oroitzapen hauen sarreran, eraikuntzaren deskribapena egiten digu: leiho handiak eta ederrak dituela argia sartzeko, ikasleen aulkiak pagoarekin egindakoak, nahiko lasaiak eta itxura politarekin, gehi erloju zahar bat erdi puskatuta kolore beltzarekin. Hezetasun handia eta tristea ikusten du, bera etorri zen lekuekin konparatuta. Beraren mahaia zaharra eta sitsak jandakoa, arbelak zahartuta eta mapak matxura askorekin. Hormetako margoa desitxuratuta, aldamenean gela zahar bat armiarma sarez beteta eta baliorik ez duten liburuak, ordenan izpirik gabe lurrean botata.
Eskola gehienetan egoten zen gurutzea horman zintzilik, ez du aipatzen gurutzerik dagoenik, beraz faltako zen, errepublika garaian ikono erlijiosoak kendu egin baitzituzten eskoletatik.
Santa Ageda bezpera zuen lehen eguna eskolan, eta bere harridura mutiko bat bakarrik hurbiltzean! Galdera batzuk egin ondoren, irribarrez begiratu eta erantzunik ez mutikoak. Agian beldurtu egin da, mutua da, edo ez dit ulertzen.
Zalantzatik irteteko bera zegoen ostatuko semearengana jo zuen, honek erdaraz ondo baitzekien, Donostian ikasketak egiten ari zelako. Orduan ohartu zen mutikoak erdaraz ez zekiela eta hurrengo egunean etorriko zirenak ere ez. Baita ere jabetu zen egun horretan etxez-etxe eskean ibiltzen zirela mutikoak, Santa Ageda bezpera zelako, eta hau zela arrazoia mutikoak eskolara ez hurbiltzeko.
Hurrengo egunetan benetan jabetu zen, euskara bakarrik zekitela mutiko hauek eta harriduraz beteta honela dio: nola liteke mutiko hauen adinean erdaraz tutik ez jakitea; zein interes politiko erabili dira hau gertatzeko; haurren interesak erabili dituzte, gizon edo alderdien handinahiak betetzeko …!
Lehenbiziko egunak zituen hezkuntza arloan eta ilusio handiarekin hasi zen lanean. Baina baita berehala tristetu ere, mutikoekin ulertu ezina ikusi zuenean. Horrela ezin diet mutikoei ezer erakutsi eta berak ordainduta interpretea kontratatu zuen lanean jarraitzeko. Egoera jasan ezina ikusten zuen eta “elkarrezintasuna” aurkeztea ere pentsatu zuen, baina koldarkeria alde batera utzi eta arazoari aurre egitea erabaki zuen azkenean.
Euskaraz ikasten hasi zen irakasle batekin, mutikoei berriz erdaraz erakusten gogor saiatu ere bai, hiru hilabete inguru eta elkar ulertzen omen zuten interpreterik gabe. Kalean ere lagunak egiten hasi zen, nahiz eta bere esanetan erdaldunekiko mesfidantza handia ikusten zuen herrian. Gainera andaluz kapela kendu eta euskal txapel handi bat jantzi zuen, auzoan gehienak janzten zuten bezala, eta musean euskaraz egiten zuen tabernan.
Igande batean erretoreak sermoian, eliztarrei maisua zoriontzeko eskatu omen zien, eskolan egiten ari zen lan bikaina eskertzeko. Honekin poz ikaragarria hartu zuen eta indar berritu ere bai aurrera jarraitzeko. Sermoi honek berarenganako konfiantza sortzen ere asko lagundu omen zuen herrian.
Hasieran 16 mutiko bakarrik matrikulatuta eta 40 ikasle izatera iritsi zen. Gau eskolan ere berdin, hasieran gutxi batzuk besterik ez eta amaitzerako 35 ikasle izatera iritsi zen.
Askotan mutikoak eskolara bustita iristen omen ziren, batzuk bi orduko bidea egin ondoren gainera. Eta neguan ere soinean lehortu behar arropak. Egoera hau ezin zuen onartu eta Zestoako alkatearena jo zuen. Pauso asko egin zituela esaten du Zestoarako joan etorrietan, eta txistu asko gastatu ere bai. Azkenean lortu zuen berogailu egoki bat Aizarnako eskolan kokatzea.
Utzi zituen pasarte denak hemen idatzi batean aipatzea luze egiten da, bestetik, ez nuke nahi irakurlea aspertzerik ere. Beraz, gaurkoa hemen amaituko dut eta gelditzen direnak beste baterako utzi.
Jon Egiguren
Egin zaitez bazkide