Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Udalak Kultur Etxearen etorkizuna adosteko hainbat hausnarketa saiotako lehenengoa deitua zuen atzo arratsalderako. 30 lagun inguru elkartu ziren Kultur Etxeko aretoan, eta bertan izan ziren Maialen Etxeberria zinegotzia, Lorea Ilundain alkateordea eta Mikel Arregi alkatea, Fernando Arzallus Kultur Teknikariarekin batera.
Bileran, Kultur Etxea erabiltzen duten hainbat eragile eta norbanako bildu ziren. Eragileen kezkak eta proposamenak entzun ziren: batzuek udal proposamena “petatxo” gisa ikusi zuten, beste batzuek, berriz, herriak duen jarduerarentzat egokia izan daitekeela adierazi zuten. Kulturaren inguruko eztabaida ideologikoak ere tartea izan zuen eta kultur aretoa ere izan zuen hainbatek hizpide. Bestalde, kultur azpiegitura handiez aparte, gaur egungo Kultur Etxeko eguneroko erabiltzaileek ere beraien kezkak azaldu zituzten.
2021ean ekin zitzaion prozesu honi: kultur eragileekin lehen bilera bat egin zen eta ondoren inkesta zabaldu zitzaien. Lortutako diagnostikoan argi geratu zen Kultur Etxeak eraldaketa baten beharra zuela: erabilera anitzeko lokal handi eta diafano baten aukera edo, muturreko iritzietan, eraikina bota eta berri bat egitea ere planteatu zen. Irtenbideak oso “kontrajarriak” izan zirela azaldu zuen Fernando Arzallus Kultur Teknikariak, eragile bakoitzaren jardueraren arabera, beharrak ere oso desberdinak zirelako.
Udalaren aldetik, Mikel Arregi alkateak gaztetxearekin izandako gatazka aipatu zuen, baina argitu zuen udal gobernuaren abiapuntua ez dela gatazka izan, baizik eta kultur jarduerari “aterki” orokor bat emateko beharra. “Zestoako kultur jarduerari norabide orokor eta integral bat eman behar diogu”, adierazi zuen. Bide horretan, hemendik urte amaierara beste bi saio egitea aurreikusten dela adierazi zuen.
Kultur etxearen aretoaren birmoldaketa
Kultur Etxea 1993an eraiki zen, aurretik zegoen pilotalekuaren paretak mantenduz, eta estrukturalki muga ugari dituela azaldu zuen alkateak. Aurretik ikuskaritza teknikoak egin dira eta, nahiz eta oraindik aurreproiekturik ez egon, udalaren asmoa azpiegituraren birmoldaketa egitea da, alkatearen arabera.
Horretarako, hainbat neurri jarri dira mahai gainean:
· Gaztetxea tokiz aldatu eta gaur egungo jubilatuen elkartean kokatzea.
· Kultur Etxeko aretoa eremu diafano bihurtzea, finantza eta teknika aldetik egingarria den moduan.
· Aretoaren aforoa handitzea: gaur eguneko 80 pertsonatik 120-130 pertsonara.
· Gaztetxeari aretorako sarbide zuzena ematea eta bertan egiten diren ekintzen zarata inpaktuak saihestea.
· Goiko solairuan beste erabileretarako leku libre dezente uztea.
Gaztetxeak sarrera zuzena izango balu ere, aretoa herriko eragile guztien erabilerarako izango litzatekeela gogorarazi zen bileran. Nolanahi ere, Udalak azpimarratu du proposamen hauek oraindik ez direla erabakiak, ikuskaritza teknikoek diotena kontuan izanik, momentuz, birmoldaketa horrela izango litzatekeela baizik.
Horrez gain, brigadaren biltegi zaharra eta Zubimusuko biltegia bezalako eremu hutsak ere aipatu zituen alkateak etorkizuneko erabileretarako.
Adinekoentzat bilgunea
Bestalde, Udalak herrian beste lokal bat eskuratu du, Erdikalea eta Gesalaga kalea batzen diren lekuan dagoena. Bertan adinekoen bilgunea kokatuko da, eta obrak egiteko 300.000 euroko dirulaguntza eskatu dela jakinarazi zuen alkateak.