Albisteak
Abian dira Zestoako Udaleku irekiak
— 2016-06-29Astelehenean hasi ziren Zestoako Udaleku irekiak. Guztira 3-8 urte bitarteko 141 umek eman dute izena udalekuotan. 15 begirale eta 2 koordinatzaile ari dira lanean, eta Zestoaz gain Iraetan eta Arroabean ere badira udaleku irekietako taldeak.
Talde bakoitzak egunero bere ekintzak izaten ditu, horrela asteartean eta asteazkenean Bego Alabazan ipuin-kontalariarekin izan dira udalekuetako haurrak (irudian). Atzo Iraetako eta Arroabeko haurrek eta Zestoako 3 urteko haurrek izan zuten ipuin-kontaketa saioa Zestoako liburutegian. Gaur berriz gainerakoen txanda izan da.
Haurren parte-hartzea sustatzea helburu
Aurtengo udalekuetako berritasunetako bat haurren parte-hartzea sustatzeko espazioak sortzea da. Duela hilabete batzuetatik, Herri Hezitzailea proiektua lantzen ari da Zestoan. Proiektu horren helburua haurren eta gaztetxoen, aisialdi parte-hartzailea, euskalduna, hezitzailea eta herritarra garatzea da. Horrela, uztailaren 8, 15 eta 22 egunetan udalekuetako haurrek aukeratu eta antolatuko dituzte ekintzak. Datorren astean, haurrek egun horietarako proposamenak egingo dizkiete begiraleei eta ondoren proposamen horien artean 3 aukeratu beharko dituzte.
Bestalde, Herri Hezitzailea proiektuaren barruan, Zestoako haurrak Amabirjinetako umeen eguna antolatzen dabiltzala ere aipatu behar da. Hori antolatzeko ekainaren 15ean egin zen Zestoako haur eta gazteen batzarraren lehen saioa.
Egin zaitez bazkide