Albisteak
Abiarazi dute Zestoako komunitate energetikoa
— 2022-03-11Zestoako, Arroabeko eta Aizarnako aurreneko aurkezpen edo girotze hitzaldiak pasata, atzo arratsaldez, 25 lagun inguru bildu ziren Alondero aretoan komunitate energetikoaren bideari ekiteko. Udalak Goienerrekin hitzarmena egina du eta bertako zuzendaria Santi Ochoa de Eribe eta Aitor Ossa teknikaria izan ziren aurreneko pausuak ematen bidelagun. Bertaratutakoen artean, aizarnarrak eta arroabekoak ere baziren, asmoa printzipioz komunitate bakar bat sortzea baita, gero azpi taldeetan lanak banatuko badira ere.
Gauza egingarriak eta denbora epe ertainean emaitzak ikusten hasteko modukoak nahi zituzten bertaratutako batzuk, behin elkartea sendotuta, zerbait iraunkorragoa eta epe luzera ere zeregina izango duena, proposatzen zuen besteren batek. Ikusteko dago oraindik zein martxa hartuko duen eta zein maiztasunekin elkartuko diren. Momentuz, martxoko azken egunerako, 31rako, egin dute bigarren hitzordua. Informazioa jasotzea, formatzea, taldekideengan aniztasuna bilatzea, herriak eskaintzen dituen natur baliabideak aztertzea eta herriaren beharrak detektatzea izan ziren besteak beste talde txikitan atera ziren gaiak. Ikusteko dago komunitate energetiko honetatik zein proiektu sortuko diren, dagoenekoz ordea, atzo, baikortasuna eta ilusioa nabaritzen ziren.
Egin zaitez bazkide