Albisteak

Abuztuaren 25etik 28ra izango da Zestoako V. Garagardo Azoka

Aurtengo edizioa Zestoako Txoko Feminista eta Astindu taldeek antolatuko dute. Honako ohar hau kaleratu dute:

Zestoako V. Garagardo Azoka aurten Zestoako Txoko Feminista eta Astindu taldeek antolatuko dugu elkarlanean. Lehen ere toki batean baino gehiagotan egin dugu topo: dela herriko eragileen arteko mahai-inguruan, “baloreen” zuhaitz landaketan edo Herri Azokaren antolaketan. Urtebete baino gutxiago da bi taldeak sortu zirela, eta pixkanaka ekin diogu bideari, gogotsu, herriari aukera berriak eskaintzeko asmoz. Atzera begiratuta gustura gaude egindako lanarekin, baina ez gara horrekin konformatzen eta etorkizuneko pausuak ditugu buruan.

Datorren urterako ekintzak prestatzeko formula ona iruditu zaigu auzolanean Garagardo Azoka antolatzea. Batetik, talde bakarrarentzat seguru asko karga handia izango litzateke muntaia guztia, eta bestetik, orain auzolanean antolatzeak aurrera begira ate berriak irekiko dizkigu bi taldeok elkarlanarekin jarraitzeko.

Bildutako diruarekin poltsa bat osatuko dugu Astinduk eta Txoko Feministak, baina helburu jakinak markatu eta irailetik aurrerako egitaraua prestatzea da erronka; agenda feminista, sozial, kultural eta anitza eskaintzea. Buruan darabiltzagu dagoeneko hainbat ekintza zehatz, autodefentsa feminista ikastaroa edo energiaren eta eredu sozialaren inguruko hitzaldi zikloa, adibidez. Baina pixkanaka joango gara fintzen hauek ere.

Egitaraurik ezin dugu oraindik kaleratu, baina abuztuan zehar izango duzue gure berri; eta oporretan bazaude azken momentura arte lasai, abuztuaren 25etik 28ra Garagardo Azokan ikusiko dugu elkar.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide