AEKn abian dugu 2021-2022 ikasturteko matrikulazioa

AEK-ko euskaltegi guztietan bezala, Zestoako AEKn ere matrikulazioa zabalik dugu. Euskara ikasteko garaia berriro iritsi da eta, horretarako, euskara maila hobetzeko hamaika aukera ditugu.

Ate joka dugun ikasturte berriari begira, ziur gaude euskaltegietara hurbiltzen zareten herritarrok inguru seguruago bat topatuko duzuela 21-22 ikasturtean; izan ere, iazko esperientziatik asko ikasi dugu eta pandemiaren bilakaeran hobekuntzak aurreikusten dira.

Urrian hasiko den ikasturtean ohiko ikastaroekin jarraituko dugu, betiere unean uneko osasun-neurrietara egokituta. Hala, hauek izango dira Zestoako AEKn euskara ikasteko aukerak:

  • Euskaltegietan, aurrez aurreko taldeak: ohiko euskalduntzea eta mailak egiaztatzeko ikastaroak (A1, A2, B1, B2, C1 eta C2).
  • Autoikaskuntza euskaltegian.
  • Online ikastaroak.
  • Mintzalagun taldeak.

Beraz, etxeko nahiz lagun arteko harremanak euskaraz izateko, lan-munduan aukerak areagotzeko, helburu duzuen euskara-maila lortzeko, eta abar, herritarrok Zestoako AEKn aukera ugari duzue.

Informazioa eskatzeko edota izena emateko, Axun Arrazola plazan dagoen Kultur Etxeko bulegoan izango gaituzue, astelehenetik ostegunera 11:00-13:00 eta 17:00-19:00; ostiraletan, aldiz, 10:00-13:00. Telefonoz deitu nahi izanez gero, 670 420 048 duzue zenbakia eta emailez zestoa@aek.eus helbidera ere jo dezakezue.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide