Agustin Unanue, Ezkabako zestoarra

Gaurko egunez, duela 80 urte, Ezkaba mendiko San Kristobal presondegitik (Nafarroa) ihes egin zuten ia 800 presok. 2.400 baino gehiago zeuden han espetxeratuak, oso egoera latzean: jipoiak, gosea, zorriak… Ihesaldia hogeita hamar presok zorrotz antolatu zuten (Wikipedia jarraitzen ari naiz). Operazioa afari garaian hasi zen, orduan zaindariak sakabanatuta zeudelako. Taldeka banatu eta zenbait zaindariei armak kendu ondoren, guardia konpainia afaria egiten ari zen lekura joan ziren. Aurka egin zioten guardia bat bertan hil zuten. Garitetan zeuden soldaduak, berriz, errenditu egin ziren. Ordu erdi bat baino ez zuten behar izan presoek gotorlekua bereganatzeko eta, handik, kanpoaldera atera ziren.

Soldaduren batek eta falangistaren batek, ordea, hirira jaistea lortu zuten, alarma jotzeko. Horrela, laster ziren han, gotorlekuan, militarren kamioiak. Hura ikusita, preso batzuek (1.600 inguru) ihes egiteko asmoak alde batera utzi zituzten.

795 preso inguruk egin zuten ihes, bat-batean, aurrez batere planik egin gabe, gaizki jantziak, janaririk gabe, armarik gabe eta arrapaladan. Berehala hasi ziren presoak harrapatzeko lanak, eta ia erresistentziarik gabe, harrapatu edo hil zituzten: maiatzaren 23an 259 preso, hurrengo egunean 445 eta handik aurrera gutxiago. Azkenekoa, hiru hilabete beranduago, abuztuaren 14an harrapatu zuten. Guztira, 795 iheslarietatik 585 harrapatu zituzten eta beste 211 erail. Hiruk bakarrik lortu zuten muga zeharkatzea.

Eta, sarrera hori egin ostean, zera esan behar: askotan bezala, oraingoan ere badugula gure partea zestoarrok. Hantxe, Ezkabako gotorlekuan, sufrikario hartan, bizi behar izan zuen Agustin Unanue Artola zestoarrak (1895-1965) hiru urte eta erdian. Ezagunak ziren gure herrian Agustinen senideak –Eulalia, Justina eta Pelaio– batez ere Pelaio, gazteena. Umetatik bandan ibili zen, musika ikasten, Donostiako irakasle batzuekin, eta bonbardinoa jotzen zuen. Dantzan ere ondo egiten zuen, ematen denez. Gerora, bandako zuzendariorde ere izan zen. Moldatzailea zen lanbidez. Dirudienez, anaia Agustin eta biak gazte-gaztetan sartu ziren Eusko Alderdi Jeltzalean, eta oraintxe eskuartean daturik ez badaukat ere, badirudi gerra lehertu zenean, Eusko Gudarostean sartu zirela. Gerra amaitu zenean, Pelaiok erbestera alde egin zuen eta hala ageri da, gutxienez, 1945era arte. Agustin, berriz, arotza zen lanbidez, eta 1937ko otsailaren 22an gerra kontseiluan epaitua izan zen Donostian, matxinada militarra egotzita, eta 30 urteko kartzela zigorrera kondenatua izan zen. 1937ko apirilaren 15ean, Ezkabara eraman zuten. Han, 1938ko maiatzaren 22ko ihesaldi hartan parte hartu zuen baina hurrengo eguneko goizeko 8:00etarako atxilotu eta berriro kartzelara sartua zuten. Espetxealdia “arindu” egin zioten 1940ko irailaren 17an, eta orduan atera zen Ezkabatik. (iturria: https://ergastulapenalfuertesancristobal.blogspot.com).

1946ko udal erroldan, Agustin bere arreba Eulalia eta Justinarekin ageri da Zestoan, Gurutzeagako etxean (Potxolonekoen ondoan). “Tiempo que lleva residiendo en Cestona” dioen gelaxkan, 50 urte jarrita dauka funtzionarioak, Agustinek Ezkabako gotorleku anker hartan pasatako urteak bere etxean goxo-goxo pasa izan balitu bezala. Ez zuen gerraoste atsegina pasako, seguru nago; majo makurtu beharko zuen agintari berrien kapritxoetara.

Kontuak kontu, Ezkaban ez dituzte ahaztu, aurten ere, han ihesaldian ibilitakoak. Gurean, berriz, ea noiz kentzen dizkiegun hautsak eta armiarma-sareak zestoar horien historiei eta bizipenei, gizalegezko herri eta gizarte bati dagokion legez. Ez dagigula gerta Juan Gelman idazle argentinar zenak zioena: “Diktadoreak desagertzen dira eszenatik, eta berehala agertzen dira ahanzturaren antolatzaileak”.

Post-data. Ehungarren (100) idatzia edo post-a duzu hau, irakurle. Bigarren urtea “Aztarka” honetan idazten. Eskerrak emateko unea da, beraz. Irakurle, badakit nire “Aztarka” hauek ez direla argazki gozo-gozo batzuk, testutxo labur batzuk dekorazio gisakoak, eta ahalegin handirik gabe “atsegin dut” klikatzera eramaten zaituztenak. Ez, gehienetan luze eta zabal irakurtzea eskatzen dizut, jakinda askotan poltsikoko telefono ziztrin batean irakurri beharko duzula hain testu luzea. Eta aitortzen dut, batzuetan ahalegin dezente egin behar izaten dela testua ondo ulertzeko eta barneratzeko. Horregatik guztiagatik, eskerrik asko ematen dizuet, bihotz bihotzez, nire burutazioen irakurle izan zareten guzti-guztioi. Hurrengora arte.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide