Albisteak

Aho batez onartu dute etxebizitzak alokatzeko diru-laguntzen ordenantza

Oporraldiaren aurreko azken Osoko Bilkura egin zen atzo, uztailak 28, udalean.

Plenoko deialdian ageri ziren hiru puntuak aho batez onartu zituzten: ekainaren 30ean buruturiko saioari dagokion Akta, etxebizitzak alokatzeko diru-laguntzen ordenantza eta Merkataritza-Turismo Batzordeari izena aldatuz, Sozio-Ekonomia Batzordea deitzea.

Alokairu soziala

Montse Atxega EAJko zinegotziak ordenantzari dagozkion hainbat xehetasun azaldu zituen. 30.000 euroko diru partida dago aurreikusita aurrekontutan. Hala, diru-laguntza hau 18 eta 35 urte bitarteko adina daukaten gazteek jaso ahal izango dute, baina baita mugikortasun urria daukatenek (edozein adinetakoak), bananduta edo dibortziatuta daudenek, 70 urtetik gorakoek, alargunek eta seme-alabak euren kargura dituzten guraso bakarreko familiek ere.

Laguntza jaso ahal izateko diru-sarreren mugak ere aipatu zituen: 28.000 euro gordin urtean eskatzaile bakarra bada, eta 35.000 euro gordin urtean bi eskatzaile edo gehiago badira. Diru-laguntzen onuradun izateko, beste baldintza batzuen artean, alokairu errenta gehienez 550 eurokoa izango dela azaldu zuen Atxegak.

EHBilduko Amagoia Andresek adierazi zuen diru-partida handiagoa espero zutela beraiek. Diru-laguntzak martxan jartzea positibotzat jotzen zutela gaineratu zuen, baina abiapuntutzat hartzen dutela ordenantza.

Astelehenean argitaratuko da Ordenantza Gipuzkoako Buletin Ofizialean, eta helegiterik ezean, irailaren bukaerarako martxan izango dela aurreikusten dute.

Deialdiko hiru puntuak aho batez onartuta, azken orduko laugarren puntu bat gehitu zuen Gorka Unanue EAJko zinegotziak, Agoteko planeamenduari dagokiona. Aho batez onartu zuten hau ere.

Udalaren aldizkaria

Bukatzeko, EHBilduk haserrea adierazi zuen Zestoako Udalak kaleratu duen “Zestoa, 2015-2016 zer egin dugu?” aldizkariaren harira. Amagoia Andresen adierazi zuen “panfleto” bat dela, aldizkarian agertzen diren lan guztiak ez direla lan-urte honetakoak. “Propagandatzat” jo zuen. Gaineratu zuen, EHBilduko zinegotziek aldizkaria etxera iritsi zitzaienean izan zutela argitalpenaren berri. Datorren Osoko Bilkurarako argitalpenaren kostuaren inguruko informazioa eskatu zuen EHBilduk.

Josetxo Mendizabal alkateak erantzun zuen ez dela propaganda, herriari informazioa emateko dela aldizkaria.

Aitor Zuzuarregik hartu zuen hitza azkenik, eta hiru puntutan azaldu zuen aldizkarian ageri dena zergatik ez den informazioa, eta zergatik aldizkariak ez duen udala ordezkatzen. Zuzuarregiren hitzetan, hondakinak biltzeko sistema aldaketari “sistemaren hobekuntza” deitzea iritzia ematea da, eta ez informazioa; bestalde, adierazi zuen aldizkariaren bigarren orrialdean EAJko zinegotziak soilik agertzeak propaganda kutsua ematen diola argitalpenari. Bukatzeko, gaineratu zuen inongo batzordetan ez dietela aipatu ere egin aldizkari hau argitaratzeko asmorik, eta EHBilduko bost zinegotzien ikuspegia ez dela inondik inora ageri.

IRUZKINDU

Zure helbide elektronikoa ez da publiko egingo. *

Danbolin ez da hemen emandako iritzien kargu egiten.

Ez da irainik onartuko.

Danbolineko lan-taldeak, beharrezkoa izanez gero, edukiak ezabatzeko eskubidea du.