Albisteak

[AHOLKUMARI] Aurpegirako freskagarria

Mari Artanoren hil honetako proposamena:

Musukoak edo beroak agobiatzen gaituenean edo buruko mina, buruko karga, eta abar sentitzen ditugunean, arnasberritzea behar dugu. Horretan lagunduko digu gaur sortuko dugunak. Erraza da, eraginkorra (funtziona!). Spray moduko freskagarri bat egingo dugu, aurpegia bustiz, azala -eta mamia- indarberritzen lagunduko diguna. Nik poltsan erabiltzen dut, nahi dudanean botatzeko.

Behar duguna da spray moduko ontzi bat, 150ml-koa gutxi gorabehera, nire ustez merezi du irudikoa bezalakoa erosteak (interneten bakarrik topatu ditut). Badaude merkeagoak baina argazkikoaren tipokoek oso ondo lurruntzen dute likidoa, eta aurpegian lanbro moduko sentsazio goxo bat zabaltzen du. (hamar euro baino gutxiago balio du, hainbeste opa beharko diogu geure buruari, ezta?).

Ontzia urez beteko dugu eta horri bi olio esentzial (belar-dendatan salgai) gehituko dizkiogu: menda eta labanda. 10 eta 20 tanta bitartean gehitu behar zaizkio denera, mendarenak labandarenak baino gehiago, adibidez 15-5. Baina zeuen gustura probatzen joan, lehenengo gutxixeago jarri eta tantak gehitzen joan gustuko sentsazioa lortu arte.

Menda eta labandak freskotasuna ekarriko digu, esnatu egingo gaitu, baina badira beste konbinazio apropos batzuk ere.

Sinusitiarentzat: Niaouli eta menda.

Buruko Minarentzat: Niaouli eta Mejorana.

Uraren partez Larrosa edo kamamila hidrolatoa (loreen destilaziotik lortutako ura, hori ere belar-dendan) erabiliz gero, azala sakoneraino hidratatuko dugu.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide