Albisteak

[AHOLKUMARI] Lurra azalean

Buztinaz arituko naiz gaur, buztinez hobeto esanda. Buztin tipo desberdinak daudelako, eta hainbat erabilera dituztelako.

-Buztin txuriak karea izaten du eta karranpa, espasmo edo nerbioek erasaten dutenerako da ona.

-Berdeak kobrea izan ohi du eta infekzioetarako erabiltzen da, bakterioen aurka eraginkorra delako.

-Gorriak, burdin gehiago duenez, indarra ematen du.

Buztinak zikinkeria erakartzen du imana bailitzan, eta beraz gorputzeko zikinak kentzen laguntzen du.

Nola egin enplastua:

Ur edo infusio pittin bat hartu eta atzaparkada bat buztinekin nahastu, pixkanaka, orea sortu arte. Orea azalean zabaldu, ore lodikotea bada denbora gehiago beharko du lehortzeko eta beraz lan gehiago egingo du. Lehortzen denean kendu egin behar da, urarekin garbituz.

Ohar garrantzitsua: buztinak ezin du metalarekin edo plastikoarekin kontakturik izan, indarra galtzen du eta. Beraz egurrarekin nahastu eta kristalezko edo zurezko ontzi batean sortu orea. Horregatik plastikozko ontzietan prest saltzen dituztenak ez dira gomendagarriak.

Enplastuak erabiltzeko ideia batzuk:

-Zaintiratu, bihurritu, tendinitis eta kontrakturak tratatzeko (hantura edo inflamazioa jaitsi eta muskulatura erlaxatu eta garbitzen du). Erabili enplasturako buztin zuria azeri buztan infusioarekin .

-Aurpegian jarri daiteke masa fin bat, maskarilla modura. Batipat azal koipetsuentzat da ona, azaleko ph-a erregulatu eta garbi-garbi uzten duelako, edozein buztin da egokia.

Eztarriko infekzioak daudenean oso lagungarria da lepo inguruan jartzea buztin berde enplastua, ezkaiaren infusioarekin adibidez.

Kolpeek emandako mina arintzeko: buztin zuria indigaztainondo infusioarekin da egokiena.

Idatzi nahi badidazu, artano.mari@gmail.com

Mari Artano




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide