Albisteak
Aiala Etxabe, Eider Iraola eta herriko bi dantzari Trikidantzekin batera izango dira ostiralean
— 2021-08-17Trikidantz talde nafarrak kontzertua eskainiko du ostiral honetan, iluntzeko 22:00etan hasita, plazan. Sarrera doakoa izango da baina aurrez izena ematea komeni da.
“Udan Zer Zestoan?” egitaraua aurrera doa eta asteburu honetan, plazako kontzertu sortari hasiera emango zaio. Ostiralean, Trikidantz talde nafarraren kontzertuaz gozatzeko aukera izango da iluntzeko 22:00etan hasita. Taldeko kideek Aiala Etxabe trikitilaria, Eider Iraola panderojolea eta herriko bi dantzari gonbidatu dituzte oholtza gainera, beraz, musika saio berezia izango da.
Bertaratzeko aurrez izena ematea komeni dela gogorarazi du Zestoako Udaleko Kultura Sailak. Saioa doakoa da eta izena emateko 943 86 88 12 telefonora deitu behar da (Zestoako Turismo Bulegoa).
Bi aste falta dira abuztua amaitzeko eta egun guzti horietan ere izango da zer egina herrian. Abuztuaren 27an, Apaxi ipuin kontalaria eta zine emanaldia izango dira. “Haizearen egia”, Saharari buruzko dokumentala eta “Suharra”, larrabehi edo betizu mendi ganaduari buruzko ikus-entzunezkoa ikusteko aukera izango da. Abuztuaren 28an, berriz, Bulego eta Nøgen musika taldeak plazako agertokian izango dira. Abuztuko emanaldiak bukatzeko, hilaren 29an, Arkupetan txaranga eta “Korosagasti” filma izango dira.
Egin zaitez bazkide