Aitorlekuak

 

Aitorlekuak

 

Ezer baino lehen  esan behar erlijioaren aurka ez dudala ezer eta honen barruan bizi direnei   errespetu handia diedala, gehienak jokabide zuzena dutelako. Baina horrek ez nau baldintzatzen nik sinetsi ezin ditudan dogma edo arauak kritikatzeko, gizarte libre batek   kritikak onartzen jakin behar du, inor iraindu ezean eta ez da hori nire asmoa.

Egiten ditudan bidaia guztietan elizak ikustea asko gustatzen zaidala esan beharra daukat, herri txikia edo  handia izan eraikuntza dotoreenetako batzuk  berauek  direlako gehienetan eta  barrena ikustea izaten da nire bidaietako gozamen bat, asko ikasten baita berauek bisitatuz.

Nire  lehenengo   begirada erretaulari egiten diot, bigarrena korura organorik baduen edo ez  jabetzeko, hirugarrena aitorlekuei eta hauek  bat baino gehiago izaten  dira askotan.  Eliza batzuetan nahiko altzari sinpleak ikusten dira, baita  dotoreak ere tailaz egoki landutako irudiekin apainduta. Dotorea edo sinplea denak helburu berdina izan dute gizaldietan zehar, bataiatu ondoren egindako bekatuak barkatzea aitortza sakramentuaren bitartez.

Hauei begira nagoela,   nire  eskola   garaiko aitortzak gogora etortzen zaizkit oraindik,  aitortzeko nahiko bekaturik ez eta asmatu egin behar izaten nituen askotan:  amari kasurik  ez egitea, txokolatea arrapatzea, elizan atzera begiratzea, gezurrak esatea  eta abar. Denak aitortu ondoren beti galdera bat egin ohi zuten;  zure gorputzarekin egiten duzu bekaturik? Nik beti ezetz esaten nuen, ez bainekien zer esan nahi zuen horrekin , nik  gorputza jolasteko bakarrik bainuen adin horretan.

Ondoren  beste gauza batzuk pentsatzen  hasten naiz eta atzera ez dago asko joan beharrik  herri osoa altzari hauetatik  pasatzen zen garaia ezagutzeko. Mutiko, gazte,ezkondu eta zaharrak denak altzari hauetatik pasatzen ziren eta pentsatu besterik ez dago zenbat informazio biltzen zuten, bakoitzak   ezkutuan  zuen bizimoduaz.

Nik askotan pentsatu ohi dut informazio guzti hau  infernuaren beldurrez lortzen zutela eta informazio honekin herria beren nahierara gidatzen zutela, beraz  bekatuak barkatzeko bakarrik ez zutela erabili sakramentu hau.   Gaur egun Googlek duena  baino informazio gehiago zutela esango nuke.

Jainkoak barkatu behar eta horretarako apaiza bitarteko jartzen zuen elizak, bitartekaria zertarako behar zuen Jainkoak,  dena ikusi eta barkatzeko ahalmena  izanik. Dena den gaur egun aitortzak taldean egiten dira bitartekaririk gabe alegia.

Aldaketa hau etorri da, baina  ez elizak egin duen aldakuntzagatik,infernuaren beldurrak kanporatu bezain azkar jendeak bere ezkutuko bizimodua altzari hauetan kontatzeari uko egin diolako baizik.

Laburbilduz hauxe da nik pentsatzen dutena altzari hauei begiratzean: elizak asmakizun ikaragarria  egin zuela   altzari honekin  eta bere  helburua ez zela bekatuak barkatzea bakarrik izango, herritarrak ezagutu eta  kontrolatzen ahalegintzea ere bai. Garaiak aldatu egin dira eta sakramentu hau hartzeko era zer esanik ez, eta hutsegite handirik gabe esan nezake gaur egun  eliza barruan gutxien erabiltzen diren altzariak direla hauek.

Jon Egiguren




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide