Aizarna arnasgune berde eta zabala

 

 

 

Gure Lurra, izenburua duela, landa inguruneko 2020-2023 erronkei begira, argitaratu berria du lehen aldizkaria Gipuzkoako Foru Aldundiak. Lehen sektoreak duen jarduera sustatu eta balioan jartzea du helburu aldizkariak.

Aldizkariko edukiaren atal bat Gipuzkoako arnasguneei begira dago eta ara Aizarna non ikusten dudan arnasgune lasai bat bezala. Egia esan ez da askoz egokiagoa bilatzen erraza, Gipuzkoak dituen landa eremuetan behintzat.

Atal honetan, Aizarnak iraganean zituen lanbideak, gehi egun dituen baliabideak erakusten dizkigu, baserri, abeltzain eta basogintzari begiratuaz. Aizarnak duen historia luzea ere irakur liteke bertan, baita ere altxor eta paisaiak ere argazkietan.

Eskertu egin behar Gipuzkoako Foru aldundia, aldizkari honetan Aizarnako arnasgune berde hau Gipuzkoa osoan ezagutzen laguntzeagatik.

Jon Egiguren

======================================================================================

 

Gure arnasguneak

Gipuzkoaren bihotza ezagutzen

Gipuzkoan Gure arnasguneak diren txoko berezi asko ditugu. Txoko bereziak, batzuk auzoak eta besteak herrixkak, askorentzako ezezagunak, gure nortasunaren adierazgarriak, landagune ikusgarri eta bisitagarriak, bizirik dauden guneak eta eguneroko bizitza aberatsa dutenak. Hauek izango dira Gure arnasguneak atalean nabarmenduko ditugunak.

Lehen arnasgune gisa Aizarna aukeratu dugu, Zestoako auzoa.

================================================ ==================

 

 

……………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………..

Aizarna Zestoako udalerriaren auzoetako bat da. Urola Erdia eskualdean dago, Gipuzkoako lurraldearen erdian, mendiz inguraturik, kostaldetik gertu.

Herrigunea mendiz inguraturiko lautada batean dago, dozena eta erdi etxe plaza bat inguratzen duten bi kaletan bananduak.

Gaur egun 150-200 biztanle inguru ditu, duela mende bat, ia mila izatera iritsi zen. Beste hainbat lekutan bezala, jendeak herri handietarako joera hartu du, gune txikien beherakada eraginez. Hala ere, joera hau aldatzen ari dela dirudi, bertako eskola txikiak badu zeresanik horretan!

Baserriak aldapetan gora zabaltzen dira, zaharrenak, XV. mendean eraikiak, lautadatik gertu daude, laborantzarako lurrik onenetan. Herritik urrundu ahala, baserri berriagoekin topo egiten dugu, batzuk pribatizatutako herri-lurretan eraikiak.

Aizarnarrek herriarekiko estimu handia dute, norbaitek galdetuz gero, edonon dela ere, “aizarnarrak” dira, eta gero azalduko dute hori non dagoen. Arrazoietako bat Aizarnaren historia bera izan daiteke, bertako biztanleek eskatu baitzioten 1383an Gaztelako erregeari harresituriko hiribildu bat, Zestoa, sortzeko baimena, euren segurtasuna bermatu eta merkataritza harremanak errazte aldera. Nafarroako Erreinuaren eta Gaskoiniaren arteko mugan erasoak jasateko arrisku etengabean aurkitzen zirela argudiatu zuten.

Denborarekin, Zestoa indarra hartzen joan zen eta Aizarna bere egitura administratiboan barneratu zuen, baina aizarnarrek “aizarnar” izaten jarraitzen dute.

Aizarnarren bizibidea

Aizarna lehen sektoreari loturik dago, nonahi nekazaritzarako lur sail bikainak eta abereak hazteko eta bazkatzeko zelai ederrak ikusi daitezke, inguruko basoen ustiaketaz ahaztu gabe. Azken hauetako batzuetan perretxikoak, gaztainak edo intxaurrak bilduz galdu gaitezke!

Bertako baserritarrek bizimodua batez ere ganaduarekin atera dute, garai batean esne behiekin, zenbait behi pinto eder ikusten ziren Aizarnako zelaietan! Gero esne hori zentraletara edo etxez etxe saldu ohi zen. Oraindik ere mantentzen da esnetarako behiak dituen ustiategiren bat, Ibarre baserriko ukuilua horren lekuko.

Hala ere, gaur egun haragitarako abelburuak dira nagusi, lehengo frisoi arrazako behi pintoen ordez, orain txaroles, pirenaika edo blonda arrazetako ganadu zurixkak, edo limusin arrazako buru gorriak nagusitzen joan dira. Ezenarrogoikoa, Aldalur edo Apategi baserrietako zelaietan ganadu familiak lasai larrean ikusi ditzakegu.

Badira artalde batzuk, baita artzain transhumanteak ere, euren latxa ardiekin udazkena Aizarnako larretan pasatzen dutenak, Zelatungo goi larretatik neguko ukuiluetara bidean. Azken urteetan zerri-haztegi batzuk ere martxan jarri dira, a zer urdaiazpikoak aterako diren gure zokoetako pinudiak garbitzen dituzten zerrietatik!

Garai batean garia, artoa eta babarruna eta abereentzat bazka txandakatzen joaten zen, arbia, erremolatxa…

Ekoizpena etxerako barazkiak lortzeko baratzarekin osatzen zen, azak, porruak, baina edo lekak, azalorea, baba handiak, baba beltza, ilarra, baratxuria, tipula, patata… Sasoian sasoiko generoa ateratzen zen, normalean etxekoek jateko.

Beranduago iritsi ziren tomatea, piperra, kalabaza, kalabazina… Gaur egun denetarik ikusi daiteke Aizarnako baratzeetan, baina autokontsumoaren izpiritu hori galdu gabe, gehienbat etxerako ekoizten jarraitzen da.

Basoak! Haritzak, pagoak, haginak, arteak, zumarrak, makalak, haltzak, lursailen arteko muga markatzen duten urkiak, gorostia bere fruitu gorriekin, norteko haritzak, intxaurrondoak, gaztainondoak, sagarrondoak etxeetatik gertu… Abereen azpigarriak egiteko orbela eta garoa nonahi…

Hori da euskal basoaz dugun irudia eta badira oraindik ere horrelako basoak gure inguruan, edonondik iratxo batek edo maitagarri batek irten behar digula dirudi!

Baina lur horiek mantendu egin behar dira eta jabeak etekina atera (Lehen sektorean eraldaketa izan duen jarduerarik bada, hori basogintza izan da) nahi die, beraz, azken hamarkadetan hazkunde azkarreko espezieak nagusitu dira, pinuak, izeiak, azken aldian eukaliptoa… Garai batean pinudiak zituen etxe bateko neskarekin ezkontzea negozio ona omen zen! (Orri hauek irakurtzen ari den baso jabeak esango du garai haiek bukatu zirela).

Lehen sektorean eraldaketa izan duen jarduerarik bada, hori basogintza izan da, batez ere aldaketa hori edonork begi hutsez ikusteko modukoa delako eta iraungarritasunari buruzko eztabaida pil-pilean dagoelako.

Egokitu edo desagertu! Hara hor gizakiak betidanik izan duen dilema! Eta Aizarnak eta aizarnarrek jakin dute mendeetan zehar egoera berrietara egokitzen. Egokitze prozesu horrek aztarnak utzi ditu lurraldean eta guk, bertako biztanleen mendeetako lanari esker, aldaketa horiek guztiak ikusteko eta gozatzeko aukera daukagu.

 

 

Moon-milk” edo “Ilargi esnea

Gipuzkoako lurpetik burdina, beruna, zinka, kobrea edo ikatza atera dira. XIX. mendearen erdialdetik XX. mendearen erdialdera, Aizarnako mendietatik lignito deituriko ikatz minerala atera zen, kilometrotako luzera duten tunel sareak sortuz. Bertan sartzea arriskutsua da, baina kanpotik ikusteko txango interesgarriak antolatu daitezke.

Meategi horietako batzuetan ur zuria agertzen hasi zen, zer ote zen errepideraino iristen zen likido zuri hori? Eta espeleologoak eta geologoak iritsi ziren Aizarnara! “Moon-milk” edo “Ilargi esnea” zen! Eta zer da “ilargi esnea”? ================================================================

 

Santa Engrazia.

Santa Engrazia ermita 507 metroko garaieran dago, Euskal Herriko baselizarik zaharrenetako bat izan daiteke eta bailara zaintzeko talaia bikaina da. Ermita baino gehiago gotorlekua dirudi!

Nork eraiki zuen ordea Santa Engrazia? Kondaira batek dio aingeruak izan zirela, beste batek Palestinako Gurutzadetan kristautasuna defendatzeko sortu zen Zaldun Tenplarioen ordenako kideen lana izan zela.

Nafarroatik Gipuzkoako kostaldera zihoan bidetik gertu dago, eta daukan itxura ikusita, bidea babesteko eraikin militarren bat izan daiteke.

Beste jarduera batzuk.

Aizarna nekazari auzo bat da, baina baserritarrek tresnak eta etxean lortu ezin zituzten lehengaiak eta etxeetako konponketak egingo zituzten langileak behar zituzten, beraz, baziren arotzak, igeltseroak, errementariak, harginak, errotariak, margolariak, bizarginak, gozogileak edo meatzariak ere.

Bekola Altzolaras Jauregiko kondeen burdinola eta errota zen, bertakoek errota martxan mantendu zuten duela urte gutxira arte eta jarduera horren aztarnak ikusteko aukera ederra dago mendi buelta lasai eta eroso bat eginez.

Edarritzagagoenako errota eta zerrategi hidraulikoak Lasaoko jauregiko San Millango markesarenak ziren, erreken indarra oinarrizkoa izan da beti gure lurraldearen garapenean!

Mendi ibilbidean

Aizarnara autoan, oinez edo bizikletan hurbildu behar da! Kirol pixka bat egiteko aitzakia.

RG 35 mendi ibilbidea Aralar mendizerratik Gipuzkoako kostalderaino doa, marka zuri eta gorriek ez hain aspaldiko artzainen eta euren animalien bideetatik eramango gaituzte. Haiek urtean bi aldiz egiten zuten ibilbide hori, Gipuzkoa muturretik muturrera gurutzatuz.

Ibilbide labur eta errazagoak ere badira ordea, Aizarnatik Santa Engraziko ermitara eramango gaituen PR GI 40 ibilbidea edo Errezil eta Zestoa lotzen dituen 143a, hor topatuko ditugu Errezileko Granada errekako amuarrain haztegiko piezak edo Erdoizta auzoko ermita borobila.

Beheko iturriko garbitokia:emakumeen txokoa.

Aizarnan bada xarma berezidun txoko bitxi eta oso maitatu bat, Beheko Iturri. Bertan ikusi daiteke Gipuzkoan zutik dirauen garbileku publikoetako bat

Informazio gehigarria:

www.aizarna.com

www.zestoaturismo.net

Zestoako turismo informazio puntua 943 868 812 Portale kalea,1 20740 Zestoa

Zerbitzuak:

ARANBURU Landetxea, Jatetxea eta taberna. Urrutikoetxea kalea, 2 Aizarna 943 148 005.

KONPITEROKOA Taberna. Asuntzio kalea, 10 Aizarna 943 148 359