Aizarna burujabe izatera iritsi zen garaiko kontuak

Aizarna burujabe izatera iritsi zen garaiko kontuak

 

Aizarnan askotan aipatu izan dugu Zestoarekin zuen lotura hautsi eta hiria izatera iritsi zen garaia. Hiria izan zen garaiko pasarte gutxi entzun eta irakurri dut. Lortu ahal izateko erabili zituen argudioez zerbait jabetu naiz eta buruan ordenatuta ditudan bitartean kontatu egingo ditut, ahaztu baino lehen. Udaletxea lortzeko erabilitako argudio hauek, oiloa artalearen bila ibiltzen den bezala ibili eta gero aurkitu ditut sarean. Espero gure herri zahar honen historia ezagutzeko baliagarri izatea.

Hasteko esan behar, erregimen absolutista baten ondorengo urteak zirela haiek, trienio liberala deitzen diogunak. Cadizen 1812. urtean onartu zen konstituzioa, berriro 1820.urtean indarrean jarri zen garaiak hain zuzen ere. Konstituzio honen legediak udaletxe berriak sortzeko aukera ematen zuen. Horretarako 1000 biztanle behar ziren eta kopuru hau baino gutxiago zutenek, argudio bereziak behar zituzten udaletxeak lortzeko.

Aizarna 1000 biztanlera ez zen iristen garai horretan, 718 besterik ez zituen eta Zestoak 400 gutxi gora behera. Legediaren arabera, hiria sortzeko auzoak eskatu behar zuen lehenik, hiriburuak onartu, Aldundiak baimendu eta ondoren Estatu Kontseiluak. Aizarnak ondo argudiatu zuen bere eskaera eta arrazoi zehatzak mahi gainean jarri ondoren, baimen guztiak lortu zituen hiria izateko.

Hasiera batean Zestoak arazo batzuk aurreikusten zituen horretarako, lurren zatiketa egokia egitea eskatzen du. Hirian erdi- erditik zeharkatzen dela bide nagusia eta bertatik tropa asko pasatzen dela; gainera Gesalagako bainuetara ere bidea bermatu beharra duela; medikua eta zirujaua ere Zestoak berak ordaintzen dituela eta beraz gastu handienak Zestoak ordaintzen dituela esanez.

Bide nagusia tropak zeharkatzen zutela irakurtzean, nik soldaduak zirela ulertzen dut eta lurren zatiketa egoki egiteko eskatzen duenean, bide nagusiak Aizarnako lurrak ere zeharkatzen zituela. Data gehiago ezean, nire susmo bat besterik ez da, jakina .

Bestalde Aizarnak, hiria izateko ondo prestatuta dagoela argudiatzen du; hemen zer prestakuntza jartzen dituen mahai gainean: eliza dotore bat, 718 arimekin; Erretore bat eta bi apaiz berari laguntzeko; 93 etxe, baserriak barren; eskola dotore bat ere bai, maistra batekin neskei eskola emateko, gehi maisua mutilentzako; eta azkenik eraikuntza sendo bat udaletxeko bilkurak egin eta administrazio berri bat ezartzeko.

Prestakuntza egokiak mahai gainean jarri ondoren, auzo izaten jarraitzeko arazoak ere argudiatzen ditu Aizarnak: udaletxeko bilkurak egiteko bide luzea dutela eta biztanle arruntak paperak lortzeko zer esanik ez. Orduan ere tramite bat baino gehiago egin beharko ziren seguruenik eta gaur daukagun mugikortasunik ez zuten izango garai horretan.

Dena den, azkenean Zestoak baimendu zuen Aizarna Zestoatik banantzea eta ondoren berdin egin zuen Aldundiak ere.

Konstituzio honek ematen zuen aukera ikusi eta Aizarna aurrena izan zen eskaera hau egiten. Gero beste gehiago ere ikusten dira, adibide bat emateko, Gipuzkoan, Altza auzoa ikusten da Donostiari eskaera berdina egiten. Honek ordea, ez zuen baimenik lortu.

Badirudi konstituzio honen arabera, Aizarnak baimen guztiak lortu zituela hiria izateko eta izatera ere iritsi zela. Baita ere badakigu konstituzio honek indarrean urte gutxi egin zituela, berehala indargabetu zutelako. Honekin batera indargabetuko zen Aizarnaren burujabetasuna ere.

Informazio iturria: www.boe.es

https://www.boe.es/publicaciones/anuarios_derecho/articulo.php?id=ANU-H-2014-10042100444

Jon Egiguren.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide