Aizarnako argazki zahar bati begira

Argazki zaharrak xarma berezia dute niretzako eta gustura sentitzen naiz berauei begira, beti ere ezagutzen ditudan leku edo pertsonak irudikatzen baditu.  Aizarnako kaskoa irudikatzen duen argazki zahar polit honi askotan egon naiz begira, eta esan behar begirada bakoitzean nire eskolako garaiak ekartzen dizkidala gogora.

Argazkia ez da nire ikasketa garaikoa, Indalecio Ojangurenek 1914. urtean egindakoa baizik. Baina hala ere berauetako haur bat banintz bezala sentitzen naiz irudiari begiratzean. Argazki zahar honi eta oraingoari begiratu eta ezberdintasun txiki batzuk ikusten ditut, beraz berauek aipatzearekin batera, nire ikasketa garaiko bizipenak kontatuko ditut jarraian.

Haurrak izan ezik, plaza hutsik ikusten da; gaur egun ditugun zuhaitzak falta dira eta umeentzako jostailuak, zer esanik ez. Plaza inguratzen duen hesi edo petrilak, nire ikasketa garaian bezalatsu ikusten ditut, baina aldaketak ere izan dituzte. Gaur egun askoz irekiagoak ditugu.

Dorreko erlojua 9:30ean ikusten da. Haurrak kalean jolasten ari dira, eta egun arrunt batean arraroa egiten zait ordu horretan eskolatik kanpo ikustea haurrak, errekreorako goiz dela iruditzen baitzait. Baliteke erlojua ondo ez egotea ere, baina eguzkiak egiten duen itzalari begiratu eta bat datorrela esango nuke orduarekin.   Eguzki erlojua ere ikusten da dorrean, baina argazkiak ez du gardentasunik ematen benetako ordua egiaztatzeko garaian.

Konpitteroko denda atarian asto bat ikusten da uztaiari lotuta, baserritarren bat erosketak egiten ari da. Jai eguna ez den seinale, astoarekin jai egunean ez baitzen erosketarik egiten. Diyone eta Alkateko balkoitik emakume bat edo beste ikusten  dira neska-mutikoei begira, eta aste egun normal  bateko irudia dela esatea zaila egiten zait. Behar bada, hilaren lehen biziko ostirala da, maiatzeko loreak edo lehen jaunartzerako  prestaketak, zehaztasun gehiago gabe deskribatzea zaila egiten zait.

Mutilen kontua zen, petril hauen gainean koka kola edo txus errefreskoen txapekin egiten genuen jolas berezia. Plazari bira osoa ematea zen helburua, txapa lurrera erori gabe, helmugara lehen iristen zena nagusi. Baina ez pentsa bira osoa erori gabe egitea hain erraza zenik, petril hauek nahiko estuak baitziren.

Eguzki erloju bat ikusten dut dorreko ezker aldean, eta ez dakit zer arrazoi izan zen  horma honetatik harri berezi hau kentzeko; puskatu egingo zen agian? Kentzea  penagarria iruditzen zait, egun erloju hauek  xarma berezia ematen baitiote herriko plazei.

Goiko eskola deitzen diogun eraikuntzarik ez da ikusten argazkian, ondorengo urtetan eraiki zen seinale. Eraikuntza honek leiho bat dauka plazara begira  eta hemen kokatzen zen gramola  deitzen genion tresna-musikala. Bere helburua igande arratsaldeak alaitzea zen eta aukera bat jartzea dantzan egin nahi zuenarentzat.

Hamaika antzerki ikusi nituen eraikuntza honetan eta pelikula ugari ere bai igande arratsaldeetan, ordu atsegin asko igaro nituen bertan. Hain atseginak ez zirenak ere bai, doktrina ere bertan ikasi bainuen. Beraz, ondo amortizatutako  eraikuntza dela esango nuke.

Zimitaio batetik bestera estalpe bat ikusten da, prozesioko irudi eta partaideak euritatik babesteko  eraikitakoa  izango zen seguruenik, garai haietan elizkizun ugarik baitzuten prozesioa berekin. Nik ez nuen ezagutu estalpe hau, baina  prozesio ugari bai estalperik gabe ere.

Gaur ez dagoen leiho bat ere ikusten dut elizaren horma batean, dorreko eskuin aldean dago kokatuta berau, teilatutik metro bat beherago. Ez dakit zer helburu zuen leiho honek, teilatu azpiko sabaira sartzea agian? Gaur egun sabai honek  dorreko eskaileratik dauka sarrera, edo baliteke dorrea egin aurreko leihoa izatea ere.

Herria argindarrez hornitzeko  kable-sarea, hormetatik apartatuta ikusten dut, hariak isolamendurik ez  baitzeukaten eta ezin  hormari lotu. Egun denak hormari lotuta  ikusten ditugu, baina  ez dakit sistema hau bera ez den egokiagoa, lur azpian sartu ezean.

Argazki zahar honi eta egungoari begiratu eta hauek dira nik ikusten ditudan aldaketak, baina orokorrean itxura berdintsua duela esango nuke herriak. Eraldaketa handirik gabe azken 100 urtetan. Hori bai, lehen polita zena orain ere polita izaten jarraitzen du, eta azken urteetan ikusi ditugun apainketekin gehiago oraindik.

Amaitzeko esan behar, goraipatzekoa dela Ojangurenek egin zuen lana argazkigintzan, argazkilari honi esker ezagutzen baititugu Gipuzkoako bazter askoren irudi zaharrak, Aizarnakoak barren. Eskertzekoa benetan Eibarko seme honek egin zuen lan bikaina.

Jon Egiguren

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide