Aizarnako jaiak 2019

Abuztuak 14 arratsaldeko  18:30 ingurua, jende multzoa elkartu  da herriko plazan: haurrak, gazte zein nagusiak, eta adineko batzuk, gutxiegi agian. Denak kontzejuko balkoira begira daude etxafuegoa  noiz jaurtikiko.

Aizarnako jaiak goraipatu eta ondo igarotzeko   aldarrikapen bat balkoitik egin ondoren, jaurtiki dute etxafuegoa.  Jendea mugitzen hasi da kalean gora eta behera, doinu alaiak entzuten dira kalean, jai giroa sumatzen da Aizarnan.

Gazte batzuk kalean txuri jantzita ikusten dira, pilotariak dira berauek eta  laster dira pilotalekuan beroketak egiten. Aizarna eta inguruko gazteak dira. Gazte  hauek erakustaldi bikaina eskaini zuten, lastima harmailetan zaletu gutxi izatea. 

Pilotari  gazte hauek zerbait gehiago merezi dute eta  kirol hau bultzatu nahi badugu, ezin dugu telebistan ematen dituztenak  bakarrik ikusten jarraitu.

Ilunabarrean mahai ilera luzeak ikusten dira   plazan. Begirada bat egin eta kontaketan akatsen bat zegoela pentsatu nuen, hainbeste jende ez baizen ikusten kalean.  Baina akatsa nirea zen, berehala bete ziren mahai guztiak. Jankideak kantuz alaitu zuten afari osoa, nahiz eta euskaldunok fama handirik ez dugun  horretan.

Ama jasokunde eguneko goizean, isiltasuna eta lasaitasuna  zen nagusi, gauean jasan genituen zaraten sendagarri. Eguerdi aldera meza nagusira hurbiltzen hasi zen jendea ,  mezarik gabe zail egiten baita oraindik egun hau ulertzea.

Urtero gustatzen zait argazki bat edo beste egitea  meza nagusia alaitzen duen koruari, eta baita meza garaian elizak duen itxurari ere. Aizarnako  jaien zati bat da hau ere, baina aurten ezin izan dut egin, barkamena eskatu behar.

Bazkal ostean laster hasi ziren lanean herri kiroleko partaideak. Moztu behar dituzten  egur eta harriak plazan kokatzen berehala hasi ziren. Izan ere hauek bazkari arina egiten dute, kirolean  dena eman ahal izateko. Batzuk petrilean jarrita, besteak zutik, konturatzerako jendez beteta ikusten zen herriko plaza kirolariei begira. Hau gozamena zaletuentzat. 

Azpimarratzekoa  herritar Jagoba Otaegik egin zuen saioa. Honek  Euskal Herriko pentatloi txapelketan irabaztea du helburu eta hemen egin zuen proba txiki bat, bere maila erakusteko.  Lehen sailkatzea proba denetan da zaila, gaur kirolean maila handia baitago, baina gaztea da eta prestaketa on batekin seguru lortuko duela. Ni baiezkoan nago.

Hirugarren egunean haurrak ziren  jaun eta jabe herrian, gurasoek gertutik  zainduta jakina. Egun osoa jolasetarako izan zuten: kirola, ur festak, kalean jolas lehiaketak… ekintza ugariko eguna izan  zuten eta seguru lo ondo egin zutela gauean.

Azken eguneko oilasko biltzeak markatzen ditu gehien bat Aizarnako Amabirjinak, aurten ere  hutsik egin gabe ibili dira etxez-etxe herria alaitzen. Gaur egun oilaskoak biltze hutsagatik  ez du zentzurik ekintza honek, baina aspaldiko ohitura denez honek jarraipena izatea merezi duelakoan nago.

Taldea herriko plazara iritsi aurretik  egiten den paella lehiaketan, gero eta kazuela dotoreagoak  ikusten dira. Aurtengo irabazleek laugarren urtez irabazi dute jarraian, seguru “Coca Colaren” formula bezala,  errezeta hau ere sekretuan daukatela. Zorionak bikoteari!

Paella hauekin bazkaldu eta indarberrituta ibili ziren zahagi dantza eginez   kaleetan zehar. Soinean dituzten jantziekin egin ohi dute jaialdia Aizarnan, dantzarako arropa berezirik jantzi gabe alegia.

Herri askotan bezala, ilunabarreko musikariek azken urteetan dantzarien gabezia dute, Aizarnan ere berdina gertatzen da. Dena den egin nahi duenak, ez du aukera faltarik izaten. 

Amaitzeko esan behar Aizarnak  duen eskola txikia zaindu eta bultzatzeko, egunero ikusi dugula  postua irekita; eskola txikien aldeko logoa zuten jantziak saltzeko ahaleginetan. Denok dakigun bezala hurrengo  urtean Aizarnan ospatzen baita jai berezi hau.

Behean argitaratzen ditudan  irudiek ere laguntzen dute Aizarnako jaien giroaz jabetzen, beraz egin klik eta eskura duzu guztia.

 

Ion Egiguren




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide