Aizarnako jaiak eta Eliza-beheko gazteak herri kirolean

Lortu berriak ditut Aizarnako Amabirjinak   irudikatzen dituzten aspaldiko  argazki  bat edo beste. Neurri txikia dute eta handitzean kalitatea zerbait galdu egin dute, baina  hala ere  gustura egon  naiz  berauei begira. 

Xarma berezia duten  irudi hauei, gainbegirada  bat egin  eta  lerro bat edo beste eskaintzea merezi dute,  aspaldiko irudi hauetan Aizarnako eliza-beheko gazteak baitira protagonista. 

1975 urtekoak  direla erabaki dute protagonistek, Frankoren heriotza erreferentzia hartuta,   baina ziurtatzeko zailtasunak dituzte berauek ere. Nahiz  data  urte bat edo beste aldatu, aspaldikoak direla jabetzen gara, Aizarnako Amabirjinak ezagutu  ditugunok behintzat. 

Eliza-beheko gazteak dira argazki hauetan ikusten direnak,  gaur kirolean ikusten diren markako zapatila  dotorerik gabe, jakina! Euskaldun abarka eta  artilezko galtzerdiak  soinean dituztela ageri dira.  Herri kirolak horrela jantzita egiten  ziren garaiak dira  nonbait, janzkera berezia dutela ezin ukatu.

Argazkiak gustuko dituenak eta herrian ateratakoa   izanik, berauei begira gustura sentitzen zara, aspertu ere ez zara egiten  ezagutzen dituzun ikusleei begira. Ezagutu bakarrik ez, garai horretan jendea nola  janzten zen ikusi eta gaurkoekin konparatzea bakarrik ere gustagarria egiten da.

Aspalditik datozen erronkak dira eliza-beheko eta eliza-goikoen  arteko lehiak Aizarnan, baina argazki hauetan ikusten denez  ez dute  zer ikusirik lehia hauekin. Urte horretan  eliza- beheko gazteak arduratuko ziren nonbait  herri kirolak  antolatzeaz, eta aldi berean  eliza-goikoei hortzak erakutsi ere bai, zeukaten maila bikaina agerian jarriaz.

Txantxak alde batera utzi eta argazki hauen balore- erantsia  jarriko dut agerian, berauek  Aizarnan 1975. urteko jaien berri ematen digutelako. Garai horretako argazki asko ez dira izango auzoan, baina seguru  gehiago ere badirela kaxoi bazterretan  alperrik galtzen. 

Dena den, lehen argitaratu direnen  artean  beste urte bat  gehiago  ezagutzeko aukera dugu argazki hauekin,  ea aurrerantz beste gehiago ezagutzeko aukera  izaten dugun.

Eskerrik asko eman behar eliza-beheko talde honi, kaxoi bazterretik atera eta  denok ikusteko  aukeran  jarri dituztelako.

 

Jon Egiguren

 

                                                                                                            
                                                                                                                                                                          
                                                                                                                                                                                                       

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide