Aizarnako maisu baten memoriak. (Jarraipena)

 

Aizarnako maisu baten memoriak (jarraipena)

Lehen idatzian, maisu honen bizipen guztiak aipatu gabe  utzi nituen. Beraz, oraingoan  memoria hauekin jarraituz   garrantzitsuenak aipatuko ditut, lehenengoa  irakurri eta jakin minez gelditu direnentzat.

1935-36. ikasturtean, berrikuntzak  ekarri  zituen eskolara, horretarako eguraldiaren iragarpena egiteko tresnak erosi zituen. Tresna  hauekin,  haizearen  abiadura, presioa,  hezetasuna  eta abar neurtzen ikasten hasi ziren  mutikoak.  Egunero jasotzen  zituzten   tresneri hauen data guztiak eta eguraldiaren  iragarpen txiki bat egin ere bai, ondoren nahi  zuenaren  esku jartzeko.  

Ez dakit noraino iristen ziren iragarpen hauek, baina seguru baserritarrak ez zirela fidatuko iragarpen hauekin, belar ontzeko garaian. Dena den, garai haietan ikasgai  hau jorratzea bakarrik  ere    aurrerakoia iruditzen zait  Aizarnarako.

Gau eskolako berrikuntzen artean,  hitzaldiak antolatu zituen Bainuetxeko medikuarekin, herriko erretorearekin  eta abar. Adibidez erretorearena antolatzeko,  baimena eskatzen zuela esaten du, garai horretan   hezkuntza laikoa zenez  horregatik izango zen. 

Ikasturtea amaitzean erakusketa bat antolatu zuen eskolan, eta guraso denak pasa omen ziren bertatik. Bere esanetan, mutikoekin lortu zituen emaitzekin gustura sentitzen da, eta baita  gurasoak ere.

Ikasturtea amaitu eta berehala  ‘Altxamendua’ deitzen diogunarekin  egin zuen topo.  Egun batzuk igaro eta  espetxeratu   egin zuten, “Frente Popularrak” Zestoako Bainuetxean  zuen espetxean. Badirudi Aizarnan bazekitela gizon honen ideologiaren berri,  eta  Altxamendua  ez zuela gaitzestu ere bai.  Hala ere, herriko  kargu edo arduradunek  aske uzteko eskatu omen zuten,  parrokiko erretorea barren zelarik.

Eskaera hau  dela  eta,  berehala utzi zuten  aske maisua. Aske uzteko Frente Popularraren komunikatuak,  honela dio: Este comitè, en uso de sus facultades   y en vista de sus informaciones pertinentes llevadas a cabo, ha acordado poner en libertad con todas los pronunciamientos favorables a D. Placido Navas, que se hallaba detenido por orden de la Comisaría de Orden Pùblico de Guipúzcoa. Cestona a 27 de Agosto de 1936.

Askatasun eskaera honek  “gorrien”  eskuetatik askatu eta bizia salbatu ziotela Aizarnarrek esaten du; bestetik, herrira  etortzean harrera bikaina egin ziotela ere bai. Herritarren jokaera ikusi eta  badirudi ideologiaren gainetik maisu honekin gustura zeudela  Aizarnan. 

Errepublikaren babesle  hauei “gorriak” deitzen die maisuak eta   lurralde hauek berauen  menpe zeuden  bitartean,  eskola  biltegi bihurtu omen zuten. Gainera, Frankisten beldurrez ihes egiten ari zen jendearentzat gordeleku ere bai. Arma  konturik ez du aipatzen, beraz armatu gabeko jendea izango zen seguruenik.  Alde egitean mutikoak gustura omen ziren, eta berauekin  txukundu omen zuen eskola, berriro ikasturtea hasteko.

Espetxeratu izanak, ondorengo  beldurrak, gehi gerra garaiko esperientziak, asko murriztu  zioten   hasieran zuen  baikortasun hori. Baita ere, bi edo hiru aldiz denboraldi baterako eskola  utzi behar izanak, Mugimendu Nazionalak deitu ziolako. 

Dena den,  berriz penintsula barrenera  destinatu   aurretik,  berak ezarri zituen berrikuntzak izan zituen oinarri  eskola honetan. Normaltasunez  eta azpimarratzeko ezer askorik gabe igaro zituela beste ikasturteak esaten du.  Hori bai,  destinu berrira joan aurretik, alkateak zoriondu egin omen zuen, berriro mutikoekin meza nagusira  etortzen hasi zelako.

Pasarte hauek  exajeratuta daudela esango dute batek baino gehiagok, baina gertatu  bezala kontatuta daudela esaten du. Egiaztatu nahi dituenak galdetu dezala Aizarnan, pasarte hauen berri ondo baitakite.

Memoria hauek irakurri eta  ez dakit nola baloratu gizon hau,  ideologiari  begiratuta bakarrik  egiten dugulako askotan. Bestalde,  ideia politikoen gainetik ere,  balore asko ditu gizakiak  eta hauek ere aintzat hartu beharrekoak  niretzat.  Ideia politikoen    gainetik balioztatu zuten maisu hau Aizarnan eta ni ere horrekin gelditzen naiz.

Maisu honek  Aizarnan  atera zituen argazki eta jaso zituen  data guztiak, familiak doan utzi ditu udaletxean.  Beraz, orain arte ezagutzen dugun historia aberasten laguntzen dutenez, zoriontzeko ekintza  dela esan behar.

 

Jon Egiguren




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide