Aizarnako zezenak Zestoan
— 2024-07-16Jarraian aipatzen ditudan pasarteak, Zestoan 1978. urtean Jose Maria Zunzunegik udaletxeko artxibategitik jaso eta jaietako egitarauan argitaratu zuen idatzitik bildu ditut. Idatzia argitaratu zuenetik 46 urte igaro dira. Hau irakurri ez duen gazterik ere izango denez, berraipamen bat egingo diogu, euskarara itzulita jakina.
Zestoa eta Aizarnarekin lotura zuzena duten aspaldiko albisteak irakurtzen ditut bertan eta Aizarnakoak bereizita jasoko ditut auzora begira dagoen webgune honetan.
Badakigu Zestoako zezen korridak aspaldikoak direla. 300 urte edo gehiago jo behar atzera. Aizarna lehenagokoa izanik, seguru data hauek hautsiko dituela. Aipatu bezala zezenketa hauek aspaldikoak direnez, ospatu ziren urteekin lotu behar jarraian argitaratzen ditudan pasarteak ere.
Aizarnako bi baserri aipatzen dira bertan: bat Sorabil eta bestea Ezkurroa. Baserri hauek bi zezen hazi behar zituzten, bat Zestoako jaietan toreatzeko eta bestea Aizarnako Amabirjinetarako. Aipatutako baserri hauek mendian kokatzen dira eta zezen kementsuak hazteko toki paregabea denez, seguru maila ona ematen zutela toreatzeko garaian.
Bi baserri hauek udaletxearenak ziren eta 9 urterako alokatzen zituzten. Alokairu honen ordainetan sartzen ziren bi zezen hauek hazi eta toreatzeko modu egokian plazara ekartzea.
Aipamen hauek 1739. urtekoak dira eta idatziak dioenez urte haietan ez zegoen zezena hiltzeko araurik. Beraz oinez toreatu eta araurik gabe hiltzen zituzten. Erabiltzen zituzten erremintak hauek ziren: arpoiak, lantzak eta hosto zabaleko estokeak, kapela eta kapa.
Gaurko arau eta erremintekin gogorra egiten bada plazan zezena hiltzea, aipatzen diren erreminta hauekin eta araurik gabe, ankerkeri handiagoa izango zuten garai haietako zezenketek (gaurko pasodoble alairik entzun gabe gainera).
Dena dela zezenak bakarrik ez, beste eginbehar gehiago ere bazituzten maizter hauek. Neguan elur-zuloak bete eta izotzarekin herriko jaiak hornitzera behartuta zeuden. Zestoako kasuan apirilaren 1ean hasi eta abendua amaitu arte herriak zituen beharretarako.
Jaietan edariak freskatzeko erabiliko zuten izotza, baina horrez gain herriko sendagile edo farmaziek ere izango zituzten freskoan mantendu beharreko sendagaiak. Orduan ez zegoen gaur egun daukagun hozkailurik. Aizarnako kasuan eta idatziak dionez, Amabirjinetako hiru egunetan hornitzeko obligazioa zuten maizter hauek. Prezioa udaletxeak ezartzen omen zuen.
Hau irakurri eta pentsatu nahi dut Aizarnako mendietan izango zirela elur-zulo hauek, baina nik ez dut ezagutzen elur-zulorik bailara honetan. Agian Ernio aldean izango ziren, mendi goietan elur gehiago egoten baita. Edo agian karobiak erabiltzen ote zituzten? Auskalo. Dena den saiatu beharko nuke elur-zulo hauen kokapena jakiten, zerbait dakienen bat izango da seguruenik eta.
Amaitzeko, eta bitxikeria bezala, esan behar Sorabil baserrian geroago ere zezenak hazten jarraitu zutela. 1900. urtean baserri honetatik zezen batek ihes egin omen zuen. Zezen hau mendian harrapatzeko ibili zituzten istiluak irudikatu zituen bertso paperetan Iturzaetak eta zezen hau ere plazarako izango zen agian. Dena dela, pasarte hauek irakurri eta esan genezake aspaldiko zezen tokia dela Aizarna.
Jon Egiguren
Egin zaitez bazkide