Albisteak

Aizarnan egitekoak ziren Eskola Txikien festa bertan behera gelditu da

Jairik izango ez bada ere, errezildarrei lekukoa pasatzeko ekitaldia egingo dute ekainaren 13an, Etumetan.

Iragan urtean Aizarnan ospatzekoak ziren Gipuzkoako Eskola Txikien jaia. Koronabirusak ekarritako egoeraren ondorioz, festa 2021era atzeratzea erabaki zuten. Antolatzaileek kaleratu berri duten ohar batean azaldu dute aurten ere ez daudela festa egiteko egoeran. Jaia egingo ez badute ere, 2022ko ekainean hurrengo festa antolatzeko ardura duen eskolari testigua pasa eta Aizarnan ekitaldi “xume” eta “herrira begirako” bat egitea erabaki dute.

Datorren urtean Errezilgo eskolak antolatuko du festa eta testigua beraiei pasako diete, ekainaren 13an, Etumetan, bi herrien arteko mugan. Etumetara oinez joateko aukera izango dela azaldu dute antolatzaileek. Goizeko 8:00etan abiatuko dira plazatik. Bidean, Santa Engraziara doan bidearen zati bat auzolanean garbituko dutela jakinarazi dute. Eguerdian Aizarnako plazan beste ekitalditxo bat egingo dute eta ekitaldi hori “aizarnarron artean eta aizarnarrontzako” izango dela azpimarratu dute. Ekitaldi horiek egoerak eskatzen dituen segurtasun neurriak beteta egingo dira.

Honakoa izango da ekainaren 13ko egitaraua:

  • 10:00etan testigua ematea hurrengo festaren antolatzaileei, errezildarrei. Etumetan izango da, bidegurutzetik 200 metrora dagoen zelaigunean.
  • 12:30etan ekitaldia plazan.



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide