AIZU! Zuk zerbait ba al dakizu?

Misterio jolas baten erantzuna bilatu nahian gatoz herritarron laguntza eske.

AEK-k hilero argitaratzen duen aldizkaria da ‘AIZU!’. Harpidetza bidez jaso daiteke, baina ikasleok doan jasotzen dugu euskaltegian eta, egia esan, gustura irakurtzen dugu. Zein da misterioa? Maiatzekoa ez dugula jaso.

Hilabete hasieran ekartzen dizkigu banatzaile batek; kaxa ematen digu, albarana sinatu eta kitto. Maiatza hasieran, ordea, zein izan da arazoa? Santakutzak! Hilaren 1, 2 eta 3an jai izan genuen eta euskaltegia itxita egon zen. Banatzaileak, aldiz, bere lana bete zuen: Zestoara etorri zen, kaxa norbaiti eman zion, norbait horrek albarana sinatu eta kitto.

Baina euskaltegian ez dago kaxarik, udaletxean ere ez, kiroldegian ere ez, Gurutze tabernan ere ez…

Hauxe da eman diguten pista bakarra: albaraneko sinaduran ‘Mikel’ jartzen duela dirudi.

Zestoako ‘Mikel’ guztiak susmagarri zareten arren, ez dugu errudunik topatu nahi; baina oso pozik jarriko gara misterio hau argitzea eta aldizkariak euskaltegira ekartzea lortzen badugu. Zuk zerbait ba al dakizu?




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide