Paperekoa

AKORDATZEN NAIZ (I remember, Je me souviens) – Mikel Ibarguren

Je me souviens txikitan indio eta bakeroka ibiltzen ginela auzoan, eta lehen pisuko Teodorori geziak sartzen genizkiola leihotik. Akordatzen naiz estankoan zigarroak erosi eta pinuetara joaten ginela erretzera; larruzko baloi astunarekin Akoako zelai zulatuan partiduak egiten genituela, Arkonada izan nahi nuela handitan, neguak negu zirela.

I remember esne partitzaileak Olazabaletik, Etorratik, Legoiatik, Akoatik… beren astoekin kalera etortzen zirela; kukuprakak esku gainean lehertzen, pendizetako marrubiak edo sasi arteko masustak jaten genituela dut akorduan; Lokatza baserria zait etorri bere bi behirekin, ohea busti nuela dut gogoratzen; Olazabal baserrian aitona Saturnino gogoratzen dut errosarioa entzuten sukaldeko txokoan. Akordatzen naiz ez genuela eskola maite, besterik gabe zoriontsuagoak ginela; Urola trena dut gogoan, eta billeteak mozten zituen Jomeini; igandeetan herriko zine aretora nola joaten ginen Tarzan ikustera; aitak ekarri zuen Simca 1200 gorria munduko kotxerik ederrena zela.

Telebista zuri-beltza etorri zait gogora, Franco hil zen eguna, marrazki bizidunak botatzen zituztelako. Urola ibaiko konportetan saltoka ibiltzen ginela akordatu naiz, Marxismoa eta nazio ikuspegia izenburua zuen liburu zaharraren usaina dut gogoan; Gaztetxeko garai eder eta intentso haiek; akordatzen naiz Euskadi askatzea jarri genuela helburu; herrian atxiloketa eta errepresio garaiak zirela; bisitatu nuen lehen kartzela Herrera de la Mancha izan zela; akordatzen zaizkit Kortatu, Barricada, Negu Gorriak; «oso latza izan da»; Sarrionaindiak Poetas originarios de América liburua bidali zidala gogoratzen naiz; deserriaren ertz guztiez dut akordua; Zestoa dela nire Obaba, amestutako bideak etorri zaizkit kolkora; memoria goroldioa bezala dela oroitu zait; distantziaz egindako bizi puskez, iraganaz eta orainaz akordatzen naiz; dena dela ahula, ustekabekoa, ederra, gordina, perfektua, ez-perfektua, baina bizi beharrekoa. Norberak bizi beharrekoa.

Akorduz eginak garela akordatzen naiz.

Mikel Ibarguren




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide