Albisteak
Alarma egoera bukatu arteko ordutegiak arautu ditu Udalak
— 2020-05-26Zestoako Udalak esteblezimenduek bete beharreko ordutegi muga zabaldu du alkatetza ebazpen bidez. Muga hau alarma egoerak irauten duen bitartean egongo da indarrean. Alarma egoera amaitzen denean, beste alkatetza ebazpenik ez badago, ohiko ordutegiak sartuko dira berriz indarrean.
Deseskalatze prozesuko bigarren fasean sartu ginen atzo, astelehena. Fase honetan, taberna eta jatetxeko terrazetan egoteaz gain, establezimendu barruan egoteko aukera izango da, edukieraren %50eraino, 2 metroko distantzia errespetatuta eta beti mahaietan jarrita. Elkarte gastronomikoetako ateak ere ireki ahal izango dira baina edukieraren %50 gainditu gabe eta distantziak errespetatuta. Beraz, Udalak ezarritako ordutegi mugak taberna, jatetxe eta elkarte gastronomikoei eragiten die. Astelehenetik ostegunera, terrazak goizeko 6:00etatik gaueko 11:00etara egon ahal izango dira martxan eta gaueko 12:00k arte tabernak. Ostiraletik igandera, berriz, terrazak goizeko 6:00etatik gaueko 12:30era zabaldu ahal izango dira, eta 01:30 arte tabernak.
Egin zaitez bazkide