“Aldaketarik bada, aurretik adostea eta eztabaidatzea eskatzen dugu”

Duela hilabete batzuk herritar talde bat bilerak egiten hasi zen “Udalak hondakinen bilketa-sistema aldatzeko hartutako erabakiarekin kezkatuta”. Horren ondorioz sinadura bilketa martxan jarri zuten. Honako idatzi hau argitaratu dute gaurko egunez (2016ko irailaren 27):

Kaixo herritar,

Udako geldialdiaren ostean herriko jaiak izan ditugu eta, hori gutxi balitz, ondoren hauteskundeak. Hondakinen kontua patxadaz hartu nahi dugula esan dugu, ez ditugula gauzak nahastu nahi baina hemen gatoz berriro garrantzitsua den kontu honekin.

Uztaila amaieran Udalean idatzi bat sartu genuen, ordezkaritza duten taldeekin bilera egin nahi genuela eskatuz. Idatzizko erantzunik jaso ez dugunez, bigarrenez eskaera bera sartu dugu.

Momentuz, 720 herritarren sinadurak bildu ditugu, ia guztiak kaskoan. Oraindik ez dugu bilketa itxitzat emanten eta norbaitek sinadura eman nahi badu izango du aukerarik. Dena den, gure eskaerak herritarrongan izan duen harrera beroari erreparatuz, zorionak eta eskerrak ematea baino ez zaigu gelditzen.

Argi dago egungo hondakinen bilketa-sistemarekin jarraitzea hobesten dugunok zeresana dugula eta gure iritzia entzutea eskatzen dugu. Adostasunez ezarritako sistema da egungoa. Aldaketarik bada, aurretik adostea eta eztabaidatzea eskatzen dugu. Beraz, Udal ordezkariei gure iritzia eta ideiak entzuteko eskatzen diegu.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide