Aldundiaren iragarpena: Egia izateko kutsu elektoral gehiegi

Urolako bidegorria amaituko dutela esanaz atzo prentsaurreko bidez Foru Aldundiak egindako iragarpenaren inguruan, Zestoako Ehbilduk bere kezkak aditzera eman nahi ditu.

Hasteko, alkateak berak adierazi bezala sorpresa bat izan dela ezin uka eta antzeko proiektuak sorpresaz iragartzeak susmo txarra dakarkigu. Ez baita batere ulergarria duela bi hilabete 2019rako aurrekontu proiektuan Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ eta PSOEk Urolako bidegorria amaitzeko diru laguntza atzera bota izana, lehentasunen artean ez zegoela argudiatuta eta orain bat-batean iragarpen hau egitea.

Agerraldian, gaztelera hutsean zeuden euskarriez inguratuta, diputatuak emandako hainbat datu ere argigarriak dira. Esate baterako, Iraetako tunel motza konpontzeko 240000 euro jarriko dituztela esan zuen. 2014an parte hartze prozesu baten bidez erabakita, 2015erako tunel bera konpontzeko orduko aldundiak izendatua zeukan diru kopuru bera alegia, garai hartan Batzar Nagusietan EAJk ere onartu zuena, gero gobernu aldaketarekin bertan behera utzi zuen arren. Hau da, 2015etik konponketa hozkailuan eduki dutela aitortzen ari zaizkigu.

Bestalde, tunel luzearen inguruan esandakoa ere argigarria ez ezik susmo txarra sortzeko modukoa delakoan gaude, tunelaren egoera nolakoa den ikusitakoan erabakiko dela obra egin ala ez zioen diputatuak atzokoan, denok dakigunean tunel hori baino zailagoak berreskuratu izan dituztela beste bidegorri sare batzuk egiteko. Eta hau guztia, inongo epe, aurrekontu exekuzio eta zehaztapenik gabe aurkeztu digute.

Nahiago genuke oker bagina eta interes elektoralagatik bada ere bidegorria amaitzeko lanei hasiera emango balitzaie baina ikusitakoak ikusita, zoritxarrez bestelakoa pentsatzetik hurbilago gaude. Hauteskunde atarian gaizki egindakoak eta egin gabekoak prezio merkean saltzea izaten da batzuen xedea eta gero eta demokrazia kontrolatuagoan bizi garenez, jelkideen kabineteren batean, inkestak gora behera, bozka pizgarriekin ekitea erabaki dutela dirudi.

Politikan dena ez da zilegi, bidegorriaren aldarrikapenarekin Zestoan aspaldian izan diren elkarretaratzerik handienak egin dira, Arroako bizilagunak buru-belarri inplikatu dira, Batzar Nagusietan behin baino gehiagotan izan dira, bidegorriaren zatiak auzolanean garbitu dituzte… hauteskunde interesengatik hain nabarmen jendearen ilusioekin jolasean aritzeak ez du izenik.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide