Alzolaras eta Aizarnako parrokiaren arteko hitzarmena

 

 

Aizarnako eliza ezagutzen ez duenak,  zaila  izango du idatzi hau osoan ulertzea, hilobiak  eta kapila non kokatzen diren  ez dakielako.  Dena den, jakin-mina duenak nahikoa du bisita bat egin eta eliza honetan duten kokapena ezagutzea.  

Aspalditik nuen esku artean  dokumentu zahar hau  eta irakurtzea    zaila egiten zitzaidalako   gordeta nuen  ordenagailuan. Atzera botatzen nuen askotan,  noizbait  itzulita aurkituko   nuelakoan, baina ez dut aurkitu  eta lasai-lasai irakurri ondoren, ulertu dudana argitaratuko dut ondorengo lerro hauetan. 

Aizarnako historiaren barruan sartzen dut 1750.urtean eskuz idatzita  dagoen dokumentu zahar hau,  Alzolaras Jauregikoen  eta Aizarnako parrokiaren arteko hitzarmena baita.   

Alzolaraskoek,   San Frantzisko de Asisi  eskainitako kapila bat zuten Aizarnako elizan eta bi hilobi ere bai  bere inguruan,  familiakoak  hobiratzeko.  Hilobi hauei idatzi honetan  “Carneros” deitzen diete; euskarara itzultzean  “haragi tokia” esan nahi du, gorputzak  bertan sartzen zirelako alegia.

Jabegoa  berauena zen eta mantenua ere  berauek egiten zuten, 1750 urtean Aizarnako parrokiari transferitu zizkioten  arte. Alzolaraskoek   baserri bat baino gehiago zituzten Aizarna bailaran  eta hauen diru ordainekin egiten zituzten mantenu lanak. Baserri hauetako bat “Benezia” zen eta etxe honetakoak arduratu dira urteetan zehar  kapila hau zaindu eta apaintzeaz.  

Dokumentua Juan de Egaña  eskribauak idatzita dago.   Aizarnako parrokiaren izenean, bertako erretore zen Juan de Aranburuk  sinatzen du,  eragin handiko gizonekin batera.  Alzolaraskoen izenean, Urdanetako erretore zen Bartolome de Larrazabalek sinatzen du, honi eman baitzizkioten botere guztiak  horretarako.

Dokumentua irakurri ondoren badirudi Aizarnako parrokiak obrak egin nahi zituela  eliza apaintzeko, eta   horretarako hilobien berriztatzea eskatzen  zuen. Hau izan zen arrazoia Alzolaraskoen ondare hauek  parrokiaren esku uzteko.

Hitzarmen honetan Alzolaraskoek baldintza batzuk ezartzen dituzte eta honelako zerbait diote:  berrikuntzaren gastuak parrokiak egin behar ditu eta   hilobiak ezin dira puskatu. Parrokiak ere ezin du beste inoren eskuetan utzi  ondare hau, eta   armarria  agerian egon behar du,  hilobi  edo kapila ondoan. Gaur ere armarri hau  hala ikusten da kokatuta.

Argazkirik ez daukagu  eta ez dakigu zer itxura zuen leku honek berrikuntzak egin aurretik.    Nik uste, lurzoruan  eserlekuak,  ganderailuak  eta argizaiolak izango zituztela, familian hildakoei  beilaldiak egiteko. Aldare nagusitik oso hurbil dagoen lekua  da  eta okupatzen zuten   lurzorua,  libre uztea izango zen  hitzarmen honen helburua, gero erretaula eta berak duen aldarea kokatzeko.

Egun erretaularen aldare honek,  hilobi bat  tapatu egiten du, argazkian ikusten den bezala  eta losa erraldoiaren    zati  bat ere agerian dago.  Beraz hilobi hau kondenatu egingo zuen  berrikuntza honek. Parrokiaren esku utzi zituzten bi hilobi hauek 1750.urtean, baina geroztik  ere Alzolaraskoek kapila hau erabili dute. Nik neuk ez ditut ezagutu, baina adineko jendeak  gogoan ditu famili honetako kideak  kapila honetan.

Hauek laburbilduta, nik  dokumentu honetan irakurri eta ulertzen ditudan pasarte garrantzitsuenak.  Dokumentu honek aurre azala gehi zortzi  orrialde ditu guztira.

Jon Egiguren

 

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide