Albisteak
‘Amaren etxea’ liburua aurkeztu du Jokin Urainek
— 2019-01-03Jokin Urain idazleak, kaleratu berri duen ‘Amaren etxea’ liburua aurkeztu zuen atzo arratsaldean Portale Kulturgunean. Urainek, ehun euskal preso ingururen senide eta lagunen testigantzak jaso ditu liburu honetan. Urain bera preso ohia da eta atzo egindako aurkezpenean, kartzelatik irten eta etxera joateko egin zuen bideak markatu zuela azaldu zuen. Orduan, presoen senide eta lagunek astero eta hilero egin behar dituzten bidaiak zein luzeak diren ohartu zela dio. Urteak daramatza Urainek testigantzak jasotzen eta lan horren fruitu da kaleratu berri duen liburua. Testigantza hauek modu ezberdinetara jaso dituela esan zuen. Batzuk, zuzeneko elkarrizketen bidez eskuratu zituen, beste batzuk berriz, lagun eta senideek zuzenean idatzita bidalita.
“Liburu honek hainbat eta hainbat familiaren historia biltzen du, ahalegin handi baten historia. Gure gizartean estimatuak diren baloreak biltzen ditu: elkartasuna eta maitasuna. Minaren kontaketa ere egiten dute senideek baina ez dute minaren aldarrikapenik egiten” azaldu zuen idazleak. Familiek, batez ere, elkartasuna eta maitasunaren aldarrikapena egiten dutela nabarmendu zuen Urainek.
Egin zaitez bazkide