Albisteak

Amillubik 190.000 euro bildu ditu sei hilabetean, herritarren laguntzari esker

Biolurrek bultzatutako Amillubi proiektuak, 190.000 euro bildu ditu lehen sei hilabeteetan, herritar eta eragile kopuru handi baten laguntzari esker. Proiektu agroekologikoetarako Zestoako Amilibia baserria eta bere lurrak erosteko helburuarekin, crowdfunding kanpainak 143.554,95 euro bildu ditu online 808 ekarpenen bidez. Horrez gain, 41.073 euro eman zizkioten zuzenean Biolur elkarteari 13 eremutako 43 pertsona eta eragilek.

Sei euskal kooperatibek 74.000 euro jarri dituzte eta boletoen bitartez 17.592 euro lortu dituzte. Gainera, hainbat azoketan 6.280 euroko ekarpena jaso dute bono-laguntzen bidez. Guztira, 282.499,95 euro bildu dira, eta 390.000 euro lortzea da helburua 2025. urtearen amaierarako. Amillubik bere proiektua sustatzen jarraituko du eta komunitateari eskerrak eman dizkio emandako babesagatik, elikadura subiranotasuna eta laborantza iraunkorra lortzeko lankidetzak duen garrantzia azpimarratuz.

Amillubin Lurra Taupaka dago

Amillubiko Talde Eragileak aurrerapen handiak egin ditu baratzezaintza ekologikoan eta azpiegituren hobekuntzan udaberrian, besteak beste, porru-landaketa, hektarea erdi bat arto eta babarrun ereitea, ur-hornidurako sistema berritzea eta fitoarazketa-sistema berri bat ezartzea ur grisak eta beltzak tratatzeko. Datozen hilabeteetan, lortutako lorpenen ebaluazio zehatza egingo dute. Proiektuaren aurrerapena aipatutako kanalen eta sare sozialen bidez jarraitu ahal izango da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide