Albisteak
[ARGAZKIAK] Adinekoen oroigarri banaketa izan da eguerdian Laranjadin
— 2024-09-01Jubilatuen eguna aurrera doa. Goizean goiz Idiakaitz txistulari taldearen diana izan da eta 12:30etan meza. Jarraian, herriko zaharrenei oroigarriak eskaini zaizkie Laranjadin. Aurtengo omenduak: Angela Makazaga Barrutia eta Ignazio Aizpurua Manzisidor izan dira. Aurrenekoak ez du bertaratzerik izan, baina Ignazio Aizpuruari txapela jantzi zaio oroigarri gisa.
Horiekin batera, herrian bizi diren 85 urteko guztiei omenaldia egin zaie eta oroigarri gisa zapiak jantzi dizkiote Zestoako ikastetxean azken urtea amaitu duten gaztetxoek. Ekitaldia Idiakaitz Txistulari Taldeak eta Itxaropena dantza taldeak alaitu dute.
Jubilatuen etxean bazkaltzen ari dira orain adinekoak. Arratsaldeko 17:00etan herri kirolak izango dira, eguraldiaren arabera frontoian edo kiroldegi inguruan. Aizkolaran Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi eta harri-jasotzen Udane Ostolaza, Elene Ostolaza, Jon Unanue “Goenatxo II” eta Jokin Eizmendi.
Arratsaldeko 19:00etan Jagoba Astiazaran eta Iñar Sastrerenkin “Arineketan” emanaldiarekin gozatzeko aukera izango da Laranjadin.
Egin zaitez bazkide