Albisteak

[ARGAZKIAK] Atzo burutu zen Arroako IV. kadete mailako txirrindulari saria

Atzo egin zen Arroako IV. kadete mailako txirrindulari froga. Euriak ez zuen ia etenik eman lasterketa bitartean, baina horrek ez zituen ez parte-hartzaileak ez ikusleak kikildu. 132 gaztek hartu zuten parte eta antolatzaileak zenbakiarekin pozik daudela adierazi dute, izan ere frogan 200 txirrindularik parte hartu dezakete asko jota.

Lasterketa hasi aurretik Viveros San Anton – Marduko taldekideek lore sorta baten entrega egin zioten Arritxu Iribar, irrati esatariari eta minutu bateko isilunea gorde zen, zendu berria den bere aita Joxe Mari Iribar Osaren omenez.

Frogaren irabazlea, Oxel Azcarate Peguero Beasaindarra izan zen, Aitor Murguzura Diaz De Monasterioguren eta Aner Irizar Rodriguez atzetik zituela. Mendiko saria Urko Nazabal Elolarentzat izan zen eta talde onenaren saria Inoxcra – Beasain taldearentzat. Parte hartzaile guztien markak hemen ikusi daitezke.

Antolatzaileek eskerrak luzatu nahi dizkiete modu batera edo bestera atzoko lasterketaren parte izan ziren pertsona guztiei.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide