Albisteak

[ARGAZKIAK] Ehundaka lagun atera dira gaur Gaztetxeari babesa adieraztera

Zestoako Gaztetxeak deituta manifestazioa izan da gaur eguerdian “Gaztetxea defendatu, desalojoa gelditu” lemapena. Inguruko hainbat herritako gazteak bertaratu dira eta ehunda izan dira manifestazioan elkartutakoak. Ondorengoa izan da manifestazioaren amaieran Gazte Asanbladako bi kidek irakurritakoa:

Lehenik eta behin, eskerrikasko gaur berriz ere Zestoako Gaztetxeari elkartasuna adierazi eta borroka prozesu honetan parte hartzera hurbildu zareten guztioi, bai eta prozesu luze honetan alboan izan ditugun gaztetxe eta espazio ezberdinei, defentsa komunitateari eta era batera edo bestera zuen laguntza eman diguzuen norbanako eta eragile guztiei, zuek gabe hau ez litzateke posible izango.

Dakizuen moduan, lehengo astean iritsi zen gaztetxearen aurkako epaia, gaztetxea desalojo arriskuan dago eta herriko bi gazte kondenaturik eta milaka euroko zigor ekonomikoak jasotzeko arriskuan daude. Gotzaindegiak kontrakorik esanagatik, behin betiko sententzia iritsi artean mahai gainean dago arriskua. Doakie hemendik gure babes osoa gaztetxearen alde borroka egiteagatik auziperatutako gazteei.

Ezin ditugu ahaztu bizi dugun egoeraren erantzule nagusiak. Udala eta Eliza. Lehena, gaztetxearen aldeko inongo pauso errealik ematetik urrun, azken asteetako adierazpenekin argi utzi du gaztetxearen alde baino, gatazka bere intereserako erabiltzen nahi duela, elizaren jabetzak udalaren eskuetan jartzea helburu hartuz gaztetxea aipatu gabe, herriko gazteen borroka bere interesetarako aprobetxatuz, alegia.

Elizari dagokionez, ezaguna da jada bere jarrera atzerakoi eta diruzalea, bai eta gatazkaren aurrean hartu duen bide judiziala ere, elkarrizketari uko eginez. Gainera, beti bezala, apostasiei uko egin nahian dabil mota guztietako aitzakiekin. Hori da fede askatasunaren aurkako benetako erasoa. Baino ez da horrela geldituko, lanean jarraituko dugu ditugun ehunka apostasiak aurrera eraman arte.

Hori gutxi balitz, instituzio atzerakoi kapitalista honen defentsan atera da mota guztietako fauna eskuindar eta erreakzionarioa. Erraza da elkartasun ekintza isolatu bat hartu eta kritika antzuak egitea ekimen konkretu horri, atzetik dakarren guztia kontuan hartu gabe. Ekintza horretatik eliza nahiz udalaren zein komunikabide eta alderdi instituzionalen partetik jasan dugun manipulazio kanpainaren ondorioz, normalizatzen dira halako jarrera arriskutsuak: eta horren adibide da pasa den igandekoa; herrian izan genituelako espezimen hauetako batzuk. Norberak ikusiko du formen eztabaida antzuetan erori edo gaztetxeko kideok jasan dugun kanpaina hori salatu. Guk behintzat, garbi utzi nahi dugu, ez diogula utziko gure herrian zabor erreakzionario honi nahi duen moduan ibiltzen. Aurrean izango gaituzue.

Eliza eta udala, ardurak gainontzekoei botatzen dabiltza, gezurra gezurraren gainean botaz, baina esaten dituzten zurikerien gainetik, biek dauzkate atzetik bestelako interesak: gainera, bietako edonoren partetik aurrerapausuren bat egongo balitz, gure borrokaren fruitu izango litzateke hori. Gaztetxean sartu ginen momentutik gu izan gara eraikinarekiko asmo zintzoak erakutsi dituen bakarrak, bertan kontzertuak, hitzaldiak, ikasgelak, umeentzako ekintzak, elkartasun biltegia eta beste hainbat gauza antolatuz. Era berean, esan beharrik ez dago egindako borroka nekaezinaren fruitu dela gaur oraindik gaztetxea Gazte Asanbladaren esku egotea. Bide horretan otsailean urtebeteko muga beteko dugu. Lorpen hau guztion borroka eta irmotasunari esker izan da. Aupa gaztiak!

Hori dela eta, adierazi nahi dugu otsailaren 24an gaztetxe berriaren lehen urtea ospatzeko festa egingo dugula eta guztiei dei egiten dizuegu bertan parte hartzera. Azkenik, gaztetxearen aldeko borrokan jarraitzeko gure konpromiso irmoa adierazi eta gure ondoan borrokan jarraitzeko dei egiten dizuegu guztioi.

[ARGAZKIA




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide