Albisteak

[ARGAZKIAK] Oiartzundarrak gailendu dira Herriarteko finalerdietako joaneko partidetan

43 urte igaro ondoren, Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako finalerdiak itzuli dira Zestoara, eta herritarren erantzuna ezin hobea izan da. Atzo, ostiralez, jokatu ziren finalerdietako joaneko partidak Kiroldegiko frontoian, Oiartzun taldea aurkari zutela. Hala ere, zaleen babesa ez zen nahikoa izan, eta 3-0 galdu zuten lehen kanporaketa honetan.

Zestoarrek Oiartzun izan zuten aurrean, txapelketa irabazteko hautagai faboritoa, eta gogor borrokatu behar izan zuten haien aurka. Lehen partida, kadete mailakoa, Urrestilla eta Zabalaren esku egon zen, baina ez zuten aukera handirik izan eta 22-6 galdu zuten. Jubenil mailan ere, Azkue eta Uria bikoteak emaitza bera jaso zuen, 22-6.

Azken partida, nagusien mailakoa, estuagoa izan zen. Odriozola eta Sasiain bikoteak une batzuetan markagailuan aurretik jarri ziren, baina tentsioz beteriko lehia izan zen. Azkenean, Oiartzungo pilotariak aurretik jarri ziren eta 22-18 gailendu ziren.

Finalerdietako itzulerako partidak hurrengo asteburuan jokatuko dira Oiartzunen, baina oraindik ez da data zehatza jakinarazi.

                                 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide