[ARGAZKIAK] Santa eskean beste urte batez

 

Jendeari ez dakit zer irudituko zaion baina niri pila bat gustatzen zait santa-eskean ateratze hau. Berdin zait Alcer edo Odol emaile edo norentzat den dirua, ez diot horri erreparatzen, ohiturari baizik. Ohiturari eusteari hobeto esan.

Garai honetan askotan tokatu zaigun bezala, Izarraitzi muturra zurituta ikusi diogu aurten ere alde ezberdinetatik. Baina hotzari aurre erraz egiten zaio batean eta bestean eskaintzen digutenari esker. Antonio Ondarbasok txakolina eskaini zigun, beharko, bertsolariak zirikan hasi zitzaizkion eta! Etorra Berrin urteroko hamaiketakoa, Olatzen erreleboari ederki eusten diote. Kalera iritsi ginenerako eskolakoekin topo egin genuen, horiek izango dira guri erreleboa emango digutenak, ikas ditzatela ongi koplak.

Eguerdian bazkaria Ipintza elkartean. Ezin aipatu gabe utzi Elordi eta Antton ere. Zarata handirik atera gabe urtero legez denontzat bazkaria eta afari-merienda prestatu zituztenak. Eta bazkalondoren indarrez berriz ekiteko Akoako Zubigoenan kafea eta pastak eta zirenak eta ez zirenak.

Aurten Saharako Andy izan dugu gurekin poltsero (barkatu bere izena ez dakit ongi idatzi dudan eta abizenik ez dakit). Paperean idazteko eskatu zigun “Hilaren bian…” egunaren amaierarako ikasiko zuen mila aldiz kantatu eta gero! Laster antzeman zion honek ere, gehiago gustatu omen zitzaion baserrietako harrera kalekoa baino. Astelehena izaki, baserriak ere hutsik zeuden batzuk, baina, kaleak hutsago eta hotzago.

Hauxe ba aurtengoak eman duena. Datorren urtean gehiago!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide