Ekaina 2026
— 2026-07-02Irakurri 283. zenbakia hemen.

Bete-beteko goiza igaro dute santio-santana festetan murgilduta dauden Arroagoiko bizilagunek. Atzo arratsaldeko suziriarekin lehertu ziren festak auzoan, eta herri afaria, erromeria, dantza bikoteen lehiaketa nahiz musika izan zituzten goizaldera arte. Gaur, Santio egunean, batzuk bezperatik gaupasa eginda ere, giro apartaz gozatzen jarraitu dute.
Gazteek ez ezik, gainerako auzotarrek eta Arroagoiko errepide bazterra autoz bete duten bisitariek ere tortilla eta sagardo txapelketetara aurkeztutako lanak dastatzen igaro dute eguerdia. Tortilla onenaren saria Jule eta Abrilentzat izan da, eta bigarren postua Liernik eskuratu du. Sagardo onenaren saria, berriz, Azketa-Errotak irabazi du.
Batzuek sagardoa eta tortilla pintxoak dastatzen zituzten bitartean, beste batzuk izerdia botatzen aritu dira frontoian. 12:00etan hasita, binakako esku-pilota partidak jokatu dituzte. Lehen neurketan, Naroa Gastiain eta Naroa Salaberria aritu dira Laia Gastiain eta Uxue Loiolaren aurka, eta azken horiek nagusitu dira 22 eta 8ko emaitzarekin.
Bigarren partidan, Aritz Olaizolak eta Urtzi Egigurenek Xabat Sasiain eta Julen Odriozola mendean hartu dituzte lehia estu baten ondoren. Azkenean, 22 eta 20 nagusitu dira.
Arratsaldean ere ez da festarik faltako. Hona hemen gaurko egitaraua, osorik.
Gaur, larunbata. Santio eguna.
18:30. Herri kirolak, Izer eta Alabier trikitilariek alaiturik.
Aizkoran, Hodei Ezpeleta “Bihurri” eta Oier Mitxelena.
Harri jasotzen, Udane Ostolaza eta Goenatxo III.
23:00. Ahantzi taldearen erromeria.
02:00. DJ Indate goizaldera arte.
Uztailak 26, igandea. Santa Ana eguna.
11:00. Meza nagusia.
Ondoren, jubilatuentzat hamaiketakoa eta bingoa “Akulu” bertsolariak alaiturik.
17:00. Apar festa.
19:00. Herritarren arteko kirolak.
22:30. Argazki proiekzioa eliz atarian.
23:00. Laja eta Lutxurdio trikitilariekin dantzaldia.
Uztailak 27, astelehena
11:00. Gaztetxoentzat Tolareko Igoera.
12:00. Zirku tailerra.
14:00. Ume bazkaria.
16:30. Ume jolasak.
Jarraian, txokolatada.
18:30. Zezen txikiak eta poniak, Tapita ganadutegiaren eskutik.
Bitartean, Lanberri eta Garixe trikitilariak.
Tartean, otarraren zozketa eta argazki lehiaketako irabazlea.

