Azaroa 2026
— 2026-11-26Irakurri 287. zenbakia hemen.

Jexux Odriozola elkarteko zuzendaria mahaitik altxatu da omenaldiari hasiera emateko. Xume zuzendu zaie bertaratutakoei, eta, haren hitzetan, «xumeegia» den oroigarria aurkeztu die. Bi mahai-errenkaden artean zutik, oparitzeko prest zituen pergaminoak erakutsi eta haietan jasotako Aitor Salegiren bertsoa kantatu die guztiei. Txaloak amaitu aurretik, Bixente Olaizolarengana gerturatu da Odriozola. Hari esker on berezia adierazi nahi izan dio: Olaizolak eman zion elkarteko zuzendaritzaren lekukoa, eta denen aurrean eskertu dio irakatsitako guztia.
Ondoren etorri dira gainerako omenduak, muxu, besarkada eta txalo artean: Zestoako Donato Rezabal eta Mertxe Landa eta Aizarnazabalgo Fermin Aranzabal, Karmen Rojas eta Juan Jose Zumeta. Amalia Ostolaza eta Mari Angeles Uria ere omendu dituzte, bazkarira joaterik izan ez duten arren.
Mahaiburu izan dira Odriozola eta Dolores Arruti elkarteko zuzendariordea, eta haiekin batera eseri dira Mikel Arregi alkatea eta Josune Peña Aizarnazabalgo Udaleko ordezkaria.
Odriozolarekin eta Arrutirekin batera elkartean lanean aritzen diren Arantxa Rezabalek, Arantxa Elosuak eta Antton Telleriak gaurkoa jo dute asteko egunik berezientzat. Izan ere, urtean zehar gutxitan ikusten dituzten lagunekin elkartzeko aukera ematen die bazkariak. Astean zehar egoitzetara egindako bisitak ere gustura gogoratu dituzte: ederki pasatu dutela eta egoiliarrekin oso une aberasgarriak partekatu dituztela azaldu dute. Baina, beti bezala, jan-edanaren bueltako hitzorduak dituzte kuttunen: gaurko bazkaria eta ostiraleko gaztaina erreak nabarmendu dituzte bereziki.
Asteko hitzordu guztiek ez dute, ordea, harrera bera izan. Antolatzaileetako batzuek penaz aipatu dute atzoko ibilaldira oso jende gutxi animatu zela, eguraldia lagun izan arren.
Urte askoko harremana
Zestoako eta Aizarnazabalgo jubilatuak elkarrekin aritzea aspaldiko kontua dela ere aipatu dute. Aurrekoengandik jasotako ohitura da, eta pozik azaldu dute bi herrietako jubilatuen arteko harremana oso ona dela. Irribarrez kontatu dute, gainera, Aizarnazabalgo festak iristen direnean hango lagunek deitu egiten dietela, festetara joateko gonbita eginez.
Urte osoan elkartzeko aukera
Jubilatuen Asteak zazpi egun iraun badu ere, elkartearen jardunak urte osoan du segida. Hilean behin irteera egiten dute: goiz-pasa egin eta elkarrekin bazkaltzen dute ondoren. Batez beste 80 lagun inguru elkartzen dira irteera bakoitzean, eta elkarteko kideek bereziki nabarmendu dituzte hitzordu horiek. Horrez gain, beste eragile batzuekin elkarlanean ere antolatzen dituzte ekintzak, hala nola bingoa, Zestoa Osasuntsuko ibilaldiak eta 3Zren hitzaldiak.
Elkartean ere sumatzen dute errelebo falta. Haien ustez, jubilatu berri diren herritar asko ez dira elkartera gerturatzen, ezta ekintzetan parte hartzera animatzen ere, eta pena ematen die horrek. Horiei eta etxetik ateratzea kosta egiten zaienei egin nahi izan diete gonbita: irteeren, bazkarien eta gainerako hitzorduen bueltan adiskidetasunak, solasaldiak eta elkarrekin une atseginak igarotzeko aukerak sortzen direla gogorarazi diete.

